Rosa Luxemburg

Haren hilketarekin amaitu zen iraultza

Ehun urte bete dira Alemaniako paramilitarrek Rosa Luxemburg hil zutenetik, Berlinen. XX. mendeko iraultzaile ezkertiarrik handienetakotzat hartzen da.

Rosa Luxemburg ekonomialaria, filosofoa, teorialari marxista, gerraren kontrako ekintzailea eta iraultzaile sozialista izan zen. BERRIA
Ane Eslava.
2019ko urtarrilaren 15a
13:49
Entzun

1919ko urtarrilaren 15ean hil zuten Rosa Luxemburg, 1918ko Azaroko Iraultzaren lorpenak defendatzea helburu zuen Altxamendu Espartakistaren porrotaren ostean. Esanahi handiko gertaera bat izan zen Luxemburgen heriotza Alemaniako historiarentzat; jazoeraren pisua ezin da ulertu, ordea, pentsalariaren biografia ezagutu gabe.

Luxenburg Zamoscen (Polonia) jaio zen, 1871an, familia judu batean, eta goiz hasi zen Karl Marxen gisako filosofoen obra ikasten. Hamasei urte zituela, Suitzara alde egin zuen. Zuricheko Unibertsitatean ikasi zuen, eta, ondoren, SPD Alemaniako Alderdi Sozialistarekin liluratuta, Alemaniara joan zen.

1915ean, SPDk defendatu zuen Alemaniak Lehen Mundu Gerran parte har zezala. Luxemburgek ez zuen bat egiten erabaki horrekin; ondorioz, Spartakusbund alderdia sortu zuten, Karl Liebknechtekin batera, gerora KPD Alemaniako Alderdi Komunista bihurtu zena. Azaroko Iraultzan Die Rote Fahne egunkaria sortu zuen, eta horretan politikaz idazten zuen.

1916an espetxeratu zuten Luxemburg, Alemaniako proletarioei Lehen Mundu Gerran parte ez hartzeko eskatzeagatik. Preso zela, korrespondentzia baliatu zuen munduan gertatzen ari zenaren berri izateko, eta artikuluen bitartez parte hartu zuen unean uneko eztabaida publikoetan. Adiskide askorekin trukatu zituen gutunak. Sophie Liebkechti bidalitakoak euskarara ekarri zituen aspaldi Amaia Lasak, eta Katakrakek urrian argitaratu zituen, Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti izenburupean. Haren biografia iraultzailearen itzalpean geratu ohi diren alderdi batzuk erakusten ditu liburuak, Hedoi Etxartek azaldu zuen moduan: «Ez da Rosa Luxemburg bezalako ikono politiko batengandik espero dena, ez gaiak, ez ikuspuntua, ez sentsibilitatea». Liburu horretaz gain, Luxemburgen Erreforma edo iraultza ere euskarara ekarria dago, eta Lorea Agirrek haren biografia idatzia du.

Luxemburgek 1919eko urtarrilaren 5etik 12ra Berlinen izan zen Espartakisten Altxamendua kritikatu bazuen ere, horretan parte hartu zuen. Armadak gogor zapaldu zuen altxamendua, ordea. Egun batzuk geroago, hilaren 15ean, Alemaniako sozialdemokraten aginduetara zeuden Freikops paramilitarrek hil egin zituzten Luxenburg eta bere 32 burkide, Berlinen. Luxemburgen gorpua hiriko ubide batera bota zuten, eta urtarrilaren 31ra arte ez zuten aurkitu. Ordurako, iraultza itota zegoen. Hori dela eta, Luxemburgen hilketa mugarritzat hartu izan da: Alemaniako matxinaden aroaren amaieratzat.

Luxemburg XX. mendeko iraultzaile ezkertiarrik handienetako baten gisan oroitzen da. Berlinen, urtero-urtero, manifestazio bat egiten dute, haren omenez, urtarrileko bigarren igandero, eta denbora gehien iraun duen martxa izan dela esaten da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.