AHT

Espainiako Gobernuak uste du "zaila" izango dela 'Euskal Y'-a 2023rako amaitzea

Arantxa Tapia kezkatuta azaldu da Jesus Loza EAEko Gobernu ordezkariak egindako adierazpenekin. Espainiako Gobernuak iaz baino 66 milioi gutxiago bideratuko ditu proiektura.

Jesus Loza, gaur, Gasteizen egindako agerraldian. DAVID AGUILAR / EFE
inaki petxarroman
2019ko urtarrilaren 15a
06:58
Entzun

Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn daukan gobernu ordezkariak gaur aitortu du "zail" ikusten duela tren lasterreko 'Euskal Y'-aren lanak 2023rako prest izatea. "Ez zait gustatzen esatea sinesten ez ditudan gauzak", adierazi du Espainiako Gobernuaren aurrekontu proiektuari buruz hitz egiteko gaur Gasteizen egindako agerraldian. Obraren bukaeraren datak aldatzen joan dira azken urteotan. Aurreko agintaldian 2019ko data eman ohi zuten Eusko Jaurlaritzatik, eta agintaldi honetan 2023koa aipatu dute. Data hori, baina, kolokan dagoela aitortu du gaur Madrilek.

Pedro Sanchezen gobernuaren aurrekontu proiektuak 234 milioi gorde ditu AHTko lanak egiteko, iaz baino 66 milioi gutxiago. Lozaren hitzek kezka sortu diote Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari. "Bagenekien, 2023rako trena martxan jartzeko, nahiko aurrekontu bideratzeaz gain, oso azkar landu eta garatu beharko genituela proiektuak. Orain epeak zalantzan jartzen hasten bagara, bi gauzak hasten gara zalantzan jartzen: hau da, edo ez dela nahiko aurrekontu izango, edo ez dela behar bezain azkar jardungo", adierazi du.

Tapiak espero du, azpiegiturarako diruak murrizten badira, gainegiturarako partidak handitu egingo dela, hau da, bideen zati metalikoa, elektrifikazioa eta automatizazioa egiteko beharrezkoak direnak. Halaber, adierazi du espero duela Espainiako Gobernuak konpromiso zehatzak hartzea tren lasterra hiriburuetan sartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.