'Brexit'-a

'Brexit'-erako Europarekin egindako akordioa alde handiz bota du atzera Komunen Ganberak

Mayren gobernuaren kontrako zentsura mozioa eztabaidatu eta bozkatuko dute bihar asteazkena. Gaur akordioaren aurka bozkatu duten hainbat tory-k adierazi dute gobernua babestuko dutela. Gaurko bozketan 432 diputatuk bozkatu dute brexit-aren hitzarmenaren kontra (horien artean, 118 kontserbadorek), eta 202k alde.

'Bexit'-aren aldeko eta aurkako manifestariak Erresuma Batuko Parlamentuaren atarian. /
'Bexit'-aren aldeko eta aurkako manifestariak Erresuma Batuko Parlamentuaren atarian. / Andy Rain/EFE

Berria -

2019ko urtarrilak 15

Bozketa bukatu eta berehala hartu du hitza Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak, eta adierazi du ziurtatu nahi duela ea diputatuek berarengan konfiantzarik ba ote duten. Horregatik egin du gobernuaren aurkako zentsura mozio bat aurkezteko proposamena. Azpimarratu du bozketak erakusten duela zer ez duten nahi diputatuek, "ez, ordea, zer nahi duten".

Corbyn Alderdi Laboristako buruak segituan esan dio baietz, aurkeztuko dutela zentsura mozioa, eta hala egin du. Prestatua zuten mozioaren testua. Corbynek berak, Ian Blacfordek (SNP), Vince Cablek (Liberalak), Saville Robertsek (Plaid Cymru), Carolines Lucasek (Berdeak) eta Nicholas Brownek (Alderdi Laborista) sinatu dute Mayri konfiantza kentzeko eskatuko duen testua.

Bihar egun osoz eztabaidatu ondoren, 19:00ak aldera dira bozkatzekoak (Euskal Herriko 20:00etan). DUPek brexit-erako akordioaren kontra bozkatu du gaur, baina jakinarazi du bihar ez duela Mayren kontra egingo. Hainbat diputatu ditu Ipar Irlandako alderdi unionistak. Hainbat diputatu tory-k ere adierazi dute ez dutela Mayren aurka bozkatuko; tartean Boris Johnson ministro ohiak, brexit gogorraren defendatzaile sutsuak. Haren hitzetan, gaurko bozketak argi uzten du Europarekin beste akordio bat egin behar duela Erresuma Batuak.

Mayk azpimarratu du, dena dela, EB Europako Batasunarekin hitz egiteko asmoa duela. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak Twitterren adierazi duenez, denbora "bukatzen" ari da —martxoaren 29an da Erresuma Batua EBtik ateratzekoa—, eta Erresuma Batuari exijitu dio "argitu " dezala, "ahal bezain pronto", zein jarrera duen. Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak ere eskatu dio Londresi jarrera argitzeko lehenbailehen.

Alferrik izan dira Theresa Mayren azken orduko lausenguak eta mehatxuak. Iragarpenak bete egin dira eta Erresuma Batuko Parlamentuaren gehiengoak atzera bota du Londres eta Bruselaren artean adostutako brexit-ari buruzko akordioa. Oposizioko diputatuek ez ezik, Mayren beraren alderdikide ugarik egin dute testuaren aurka, eta ataka zailean jarri dute buruzagi kontserbadorea.

Orotara 432 izan dira akordioaren aurka bozkatu dutenak, tartean, unionistak, laboristak eta kontseradoreak. Azken horien artean dago brexit-erako ministro izandako Dominic Raab, zeinak zehaztu duen Londresek jarri beharko lituzkeela irteerarako baldintzak eta ez Bruselak. Irlandako mugarako ezarritako backstop delako protokoloaren inguruko puntua da Raaben eta beste hainbat tory-ren haserrea eragin duena.

Brexit-aren ondorengo 2021era arteko trantsizio epea etorkizuneko harremanerako akordiorik gabe bukatuko balute ere, Irlandan ez lukete muga gogorrik ezarriko. Eta horrek Ipar Irlanda eta Erresuma Batuaren arteko banaketa eragingo lukeela uste dute askok. Hain zuzen haren eragina murrizten ahalegindu dira akordioaren aldekoak protokoloa indarrean egongo litzatekeen epeak murriztuz. Baina helburu horrekin aurkeztutako emendakina ere atzera bota du Parlamentuko gehiengoak.

Lehen ministroak badu oraindik egoera iraultzeko aukerarik. Bi aldeek onartutako baldintzen arabera, hiru eguneko epea du akordioa moldatu eta bigarren bozketa batera aurkezteko. Bigarren hori litzateke, ordea, hitzarmena onartzeko azken aukera.

Bigarren bozketa horretan ere ezezkoa nagusituz gero, hiru aukera lituzke May mahai gainean: brexit gogorra deritzona onartzea, hauteskundeak aurreratzea, edota beste erreferendum bat egitea.