. Egin dute Kote Cabezudoren kontrako lehen epaiketa - Gizartea - Berria

Indarkeria matxista

Egin dute Kote Cabezudoren kontrako lehen epaiketa

Salaketa bat jarri duen nesketako bat estutzeko asmoz, hura biluzik agertzen den irudiak Interneten jartzea egozten diote argazkilariari.

Arantxa Iraola -

2019ko urtarrilak 16

Kote Cabezudo auzia deiturikoari atxikitako lehen epaiketa gaur goizean egin da, Donostian. Argazkilari ospetsua izan zen urte askoan zehar Cabezudo, modaren eta erotismoaren arloan jardundakoa, eta azken urteotan hainbat emakumek jo dute auzitara hark egindako sexu abusuak eta jarduera okerrak salatzeko. Hogeitik gora emakumek egin dute urratsa. Zehazki 23 direla esan du epaiketaren ostean andreen abokatuak, Mario Diez Fernandezek. "Guztira, ordea, 50 kasu ingururen berri badut". Emakume denek ez dute, ordea, auzitarako urratsa egin. Preskripzioaren arriskua hor dagoela onartu du abokatuak.

Gaurko epaiketa auzi nagusitik eratorritako beste salaketa baten harira hasitakoa da; izan ere, Cabezudori leporatzen diote haren kontrako salaketen harira lekuko gisara deklaratzera zihoan emakume bat —salatzaileetako bat ere bada— biluzik agertzen den argazkiak ipintzea Interneten, Facebook sare sozialean. Andre hori modelo ibilia zen argazkilariarekin, eta haren irudiak bazituen. Fiskalak uste du mendekuz edo andrearen jarrera aldarazteko ipini zituela argazki horiek sarean. Salaketa partikularrak beste bi delitu ere egozten dizkio portaera horrekin lotuta akusatuari. Fiskalak lau urteko kartzela eskea egin du; emakumearen ordezkariak lau urte eta zortzi hilabetekoa.

Elkarretaratzea egin dute epaiketa hasi aurretik, kasuok guztiak argitzeko aldarria zabaltzeko. Bidasoako Elkarte Feministak egin du deia. Ohar batean gogora ekarri du argazkilariaren kontra egiteko ahaleginetan ibili diren andreek eragozpen asko izan dituztela bidean: instituzioen babesik gabe, sarri "infernuan" sentitu direla salatu du. Deitoratu dute, bereziki, hasieran salaketak aztertu zituen Isabel Perez Asenjo epaileak izan zuen jarrera. Akusatuaren alde aritu izana egozten diote, eta, are gehiago, hari auziari buruzko informazioa helaraztea; esaterako, "hertsatu" zuen emakumeari buruzko informazioa ematea. Gero kasutik apartatu egin zuten epaile hori. Biktimen alde diharduten eragileen aburuz, ordea, "zigorrik" ez du jaso egindakoengatik.

Salaketekin lotutako auzibide nagusiaren instrukzioa amaitzeko dago oraindik; ekain alderako bukatuta espero dutela esan du emakumeen ordezkari diharduen abokatuak. Auzi nagusitik eratorritako beste bi auzibide badira —gaurkoaren gisakoak— eta horien epaiketak egitea falta da.

Cabezudo argazkilaria Martuteneko kartzelan dago joan den maiatzaz geroztik. Aldaketa izan zen erabaki hori, eta epaile aldaketarekin batera heldu zen. Izan ere, aurrez bederatzi aldiz eskatu zuen akusazioak neurri hori, baina atzera bota zuen beti epaileak. Akusazioak salatu du, baita ere, gaur epaitzen hasiko diren kasua ez zuela aintzat hartu nahi izan lehenengo instrukzio epaileak: ez zuen delitutzat jo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna