Trafikoa

Autoilara luzeak eratu dira Andoainen, zortzi ibilgailuren arteko istripu baten ondorioz

Pilaketek N-1 errepideari eragiten diote, bi noranzkoetan. A-15 autobidean ere ilarak sortu dira, Iruñerako bidean. Trafikoa normaltasunera itzuli da eguerdi aldera.

Autopilaketa N-1 errepidean, Andoain parean. JON URBE, FOKU
2019ko urtarrilaren 16a
11:27
Entzun

Zortzi ibilgailuk elkar jo dute 8:00ak aldera, Andoainen (Gipuzkoa), N-1 errepidean. Bi lagun zaurituta eraman dituzte Donostiako ospitalera. Hainbat anbulantzia eta suhiltzaileak joan dira istripua gertatu den lekura.

Ezbeharra Gasteizerako norabidean gertatu da, N-1ak Donostiatik datorren A-15 autobidearekin bat egiten duen puntua baino pixka bat aurrerago. Ibilgailuak ezkerreko lerroan traba egiten dute. Ondorioz, autoilara luzeak sortu dira noranzko horretan. Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzaren arabera, sei kilometro luze izatera iritsi dira. Kontrako noranzkoan ere, pilaketa izan da. Lau kilometro arteko ilarak sortu dira, nahiz eta norazko horretan oztoporik ez egon.

Istripuak A-15 autobideko trafikoari ere eragin dio. Iruñerako bidean eratu dira autoilarak. Andoaindik Hernani pareraino iritsi dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.