Katalunia

Espainiako Poliziak CUPeko bi alkate atxilotu ditu desordena publikoa leporatuta

Poliziak beste 15 herritar atxilotu ditu; guztiak ekintzaile independentistak. Elkarretaratzea egin dute poliziaren Gironako komisaldegiaren parean, operazioa salatzeko.

CUPeko bi alkateren eta CDRetako bi kideren atxiloketa salatzeko elkarretaratzea, Espainiako Poliziaren Gironako komisaldegiaren aurrean. @CDRGIRONA
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko urtarrilaren 16a
13:20
Entzun

Espainiako Poliziak Ignasi Sabater Vergesko (Girona, Herrialde Katalanak) alkatea eta Dani Cornella Celràko (Girona, Herrialde Katalanak) alkatea atxilotu ditu, gaur goizean. Horiez gain, 15 ekintzaile independentista ere atxilotu dituzte. Desordena publikoa leporatu diete atxilotuei, urriaren 1eko erreferendumaren urteurrenean izan ziren mobilizazioekin lotuta. Gironako AHTren geltokia okupatu zuten manifestariek egun horretan. CUPek eta CDRek protestara deitu dute Gironako polizia komisaldegiaren parean.

Kataluniako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, laugarren instrukzio epaitegiak ikerketa bat du abian 2018ko urriaren 1eko gertakariekin lotuta. Auzitegiak azaldu du atxiloketak ez dituela epaile batek agindu. Beraz, ondorioztatu daiteke poliziaren beraren erabakia izan dela atxilotzeena.

Quim Torrak Kataluniako presidenteak babesa adierazi die Vergesko eta Celràko alkateei eta gainerako atxilotuei. "Errepresiorik ez. Kriminalizaziorik ez. Askatasuna.", idatzi du Torrak bere Twitter kontuan.

JxC, ERC, CUP eta Catalunya En Comuren taldeek Kataluniako Parlamentuan bildu diren batzordeak utzi dituzte, atxiloketak salatzeko.

Sabaterren abokatu Bemet Salellasek adierazi du "atxiloketa neurrigabea eta justifikaziorik gabea" izan dela. Salatu duenez, Espainiako Poliziak komisaldegira sartzea eragotzi dio, "gazteleraz hitz egin arte".

David Fernandez CUPeko kideak abokatuaren salaketaren berri eman dio Teresa Cunillera Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariari.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.