Hezkuntza

Kristau Eskolako eta IZEAko grebak %65eko erantzuna izan du, sindikatuen arabera

Zortzi eguneko greba hasi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 9.000 behargin deitu dituzte mobilizaziora ELA, LAB, Steilas, UGT eta CCOO sindikatuek. Manifestazioa egin dute Bilboko erdigunean.

Kristau Eskolako langileen manifestazioa, gaur, Bilbon. /
Kristau Eskolako langileen manifestazioa, gaur, Bilbon. / Luis Jauregialtzo/Foku

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko urtarrilak 16

Lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berri bat eskatzeko greba hasi dute gaur Kristau Eskolako eta IZEAko langileek. Zortzi eguneko greba deialdia egin dute sektoreko sindikatuek eta, lehenengo egunean, erantzun zabala izaten ari dela adierazi dute. %65ekoa, sindikatuen datuen arabera. Manifestazio jendetsua egin dute Bilbon. "Zorionak eman nahi dizkiegu langileei, adierazi duten konpromisoagatik eta erakusten duten adoreagatik", esan du Steilas sindikatuko Sabin Arrizabalagak.

Joan den ostiralean izan zuten azken bilera Kristau Eskolarekin eta IZEArekin. "Dezepzio hitza erabili genuen orduan jasotako proposamenarekin. Ez dio heltzen langileen eskaerei", esan du Arrizabalagak. Haren ustetan, bi patronalak ez daude "benetako negoziazio bat" hasteko prest. Iruditzen zaio "langileen eta familien aurrean euren burua zuritu" gura dutela, eta sindikatuenganako "mesfidantza" sortu nahi dutela beharginen artean. "Kristau Eskolako zuzendari orokor Mikel Ormazabalek berriro esan du sindikatuok helburu ezkutuak ditugula lan gatazka honetan. Baina langileek argi daukate zein diren gure helburuak: lan baldintzak eta lansariak hobetuko dituen hitzarmena lortzea". 

Beharginek lan hitzarmena berritzea galdegin diote patronalari, eta hainbat lan hobekuntza eskatu dizkiote; besteak beste, behar bereziak dituzten ikasleen hezitzaileei dagozkienak. 2009tik lan ituna berritu barik dute sektorean. Azken urteetan langileek erosahalmena galdu dutela salatu dute: %13 inguru. Horrez gainera, lan karga handitu egin dietela nabarmendu dute. Enpresak enplegua mantentzeko plana egitea ere galdegin dute.

Langileak kexu agertu dira Eusko Jaurlaritzarekin, grebari ikusgarritasuna kendu nahi izan diola iritzia. Neurriz gaindikoak jo dituzte gobernuak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak. Ikastetxe handietan laukoiztu egingo direla ohartarazi du Arrizabalagak. "Langileen greba eskubidearen aurkako erabakia izan da", salatu du. Horrez gain, inplikazioa eskatu diote sektoreko lan gatazka konpontzeko. Esku har dezala galdegin diote Hezkuntza Sailari.

Gobernuak sektoreari begirako keinua egin zuen, atzo. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri zuen ikastetxeekin duen ituna hobetuko duela gobernuak. Sindikatuen esanetan, xehetasunak behar dira horrek zer ondorio izango dituen jakiteko. Hala ere, ez dute uste greba egunotan proposamen berririk jasoko dutenik.

Kazetarientzako oharrik ere izan dute. "Protagonismo handiegia ematen diezue ikasleen familiei. Lan baldintzen inguruko gatazka da hau, langileei dagokie hitz egitea", adierazi du manifestari batek. "Kezka" eta "haserrea" adierazi dituzte gurasoen elkarteek, azken egunetan egindako agerraldietan eta komunikabideetan emandako elkarrizketetan. Astelehenean Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuarekin elkartu ziren, bitartekari lanak egin ditzala eskatzeko. Bihar elkarretaratzea dute ikasleen familiek gatazka konpontzeko galdegiteko; domekan, manifestazioa. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna