Frankismoko krimenak

"Kereila estrategiko" bat jarriko du Gipuzkoako Aldundiak

Herri akusazio giza aurkeztuko da bi kasutan; egitasmoaren helburua da "jurisprundetzian eragitea".

Biktimen senideak, foru gobernuko kideekin eta txosten juridikoaren arduradunekin. BERRIA
jokin sagarzazu
2019ko urtarrilaren 16a
14:07
Entzun

Donostiako Instrukzio Epaitegian "aurki" aurkeztuko dute salaketa 1936an frankistek hildako Florencia Olazagoitia eta Jose Ariztimuño Aitzol-en senideek, eta Gipuzkoako Foru Aldundia herri akusazio gisa aurkeztuko da. Bi kasu horien bitartez, orduko gerran herrialdean hildako eta desagertutako guztiak ordezkatu nahi dituzte. Modu horretan beteko du aldundiak frankismoko krimenak auzitara eramateko Gipuzkoako Batzar Nagusiek eginiko eskaera.

"Auzi estrategiko" gisa definitu du egitasmoa foru gobernuak. Helburu nagusi bat du: Espainiako auzitegietan eta jurisprudentzian eragitea. Orain arte helburu berarekin eginiko salaketek ez dute aurrera egin. "Egia judizialaren argitan, inpunitate hormari arrakala berriak irekitzea bilatzen dugu", azaldu du Markel Olano ahaldun nagusiak.

Senideek eta aldundiak gisa honetako auzibideetan espezializatutako Kataluniako abokatu talde baten babesa izango dute. Gizateriaren kontrako krimen gisa salatuko dituzte bi kasu horiek. Nazioarteko zuzenbidearen arabera epaitu behar direla uste dute, ez ohiko zigor zuzenbidean oinarrituta. Modu horretan ez lukete preskribatuko frankismo garaiko krimenek, eta ikertu eta epaitu ahalko lirateke.

Ikuspuntu hori jarraituz Espainiako Estatuko auzitegietan auzibide "gutxi batzuk" zabaldu dituzte, baina ez dute inoiz aurrera egin. Dena den, Anais Franquesa abokatuak uste du aurrera egiteko aukerak egon badaudela. Gogoratu duenez, jurisprundetzia hori aintzat hartu dute Espainiako epaileak beste herrialde batzuetako diktaduretako biktimen kasuetan; Argentinakoan, esaterako.

Biktimak, "egia" eske

Egitasmoaren aurkezpenean foru gobernuko ordezkariekin eta txosten juridikoa egin duten adituekin batera izan dira Aitzolen eta Olazagoitiaren bi senide. "Bi kasu paradigmatiko", Olanoren arabera. Aitzol apaiza eta euskaltzalea atxilotu, torturatu eta fusilatu egin zuten tropa frannkistek. Senideek ez dakite haren gorpua non dagoen. "Herri honen zauriak ez dira itxiko familiek euren hildakoek biltzen jarraitu behar duten bitartean", esan du Nati Roa Aitzolen iloba txikiak. Olazagoitia alderdi sozialistako kide zen, eta 37 urte zituen desagertu zenean. Porrot egin dute hura aurkitzeko ahalegin guztiek. "82 urte hauetako oinaze eta zauriak itxi eta isiltasunetik ateratzeko, beharrezkoa da biktimen egia ezagutzea; orain arte, garaileen egia soilik ezagutarazi da", salatu du Nati Roa bilobak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.