Kultura

Eskozia bisitatuko dute aurten ehun bat euskal sortzailek

Herrialdeko jaialdi nagusietan parte hartuko dute, Etxepare Institutuak sustatuta. Musikariak izango dira lehenak iristen, lau euskal taldek joko baitute bihar hasiko den Glasgowko Celtic Connections musika festibalean.

Programa aurkezteko agerraldia egin dute gaur, Donostian. ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Ainhoa Sarasola.
2019ko urtarrilaren 16a
07:16
Entzun

Ehun bat euskal artistak Eskoziarako bidea hartuko dute aurten. Herrialde horretako hiri nagusietan izango diren hogeitik gora kultur ekitalditan hartuko dute parte heldu den astetik urrira bitarte, Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako ScotlandGoesBasque programaren barruan. Musikariak izango dira lehenak beren sorkuntzak erakusten, Glasgow bihar bertan hasiko den Celtic Connections jaialdian ariko baitira lau euskal musika talde: Kalakan, Huntza, Korrontzi eta Oreka Tx. Tosta Bandak ere kontzertu bat emango du bertan. Topaketa profesionalak ere egingo dituzte festibalaren barruan; atzerriko programatzaileak eta euskal musikaren sektoreko hainbat elkartetako ordezkariak elkartuko dira horietan.

Musikarien ondotik, beste hainbat sortzaileren txanda helduko da. Edinburgh International Book Festival, Edinburgh International Film Festival eta Fringe Dance jaialdietan ere izango da euskal ordezkaritzarik. 

Bestalde, programa beraren barruan, euskara eta euskal kulturarekin lotutako eduki akademikoa landuko da Edinburgo, Glasgow eta Skyeko unibertsitateetan. 

Eusko Jaurlaritzaren zein Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien laguntzarekin osatu du proiektua Etxepare institutuak, eta lerro nagusiak gaur aurkeztu ditu Irene Larraza institutuko zuzendariak, Eskozian arituko diren taldeetako musikariak eta Bingen Zupiria Kultura sailburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatua zein Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatua alboan zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.