Mendebaldeko Sahara

Europako Parlamentuak Mendebaldeko Saharako okupazioa aitortzen duen akordioa babestu du

Marokoren eta Europako Batasunaren arteko Merkataritza Askearen Akordioa moldatzearen alde egin dute 442 eurodiputatuk. Europako Justizia Auzitegiak 2016ko abenduan ebatzi zuen ituna ezin zela okupatutako lurraldean ezarri.

Emakume bat Mendebaldeko Saharako banderarekin. /
Emakume bat Mendebaldeko Saharako banderarekin. / Berria

Kristina Berasain Tristan -

2019ko urtarrilak 16

Europako Parlamentuak bere auzitegiek ebatzitakoaren kontra egiten duen akordio bat babestu du. Europako Justizia Auzitegiak 2016ko abenduaren 21ean ebatzi zuen Marokoren eta Europako Batasunaren arteko Merkataritza Askearen Akordioa ezin zela Mendebaldeko Saharan ezarri. Epaiak berez zehazten zuen itunak ez zuela nazioarteko zuzenbidea urratzen, hain zuzen ere, lurralde hori ez zelako Marokoren parte. Fronte Polisarioak aurkeztutako helegite baten erantzuna zen. Orain, baina, akordio horren moldaketa babestu du Parlamentuak. Maroko eta Mendebaldeko Saharako lehengaiei lehentasunezko muga zerga bera ezartzaren alde egin dute eurodiputatuek. Testuak aldeko 442 boto, kontrako 172, eta 68 abstentzio izan ditu. Moldaketa horrek "sahararren garapena" baimentzen duela argudiatu dute eurodiputatuek. Kontua da akordioak okupazioa babesten jarraitzen duela, sahararrek ez baitute euren baliabide naturalak ustiatzeko eskumenik. Eztabaida bera blokeatu dute eurodiputatuek.

Fronte Polisarioak gogor gaitzetsi du erabakia eta helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Eurodiputatuei euren jurisprudentzia bera urratzea leporatu die komunikatu baten bidez. Mohamed Sidati Fronte Polisarioko Europarako ordezkariak koherentzia faltaz aritzea leporatu die eurodiputatuei: "Legez kanpoko erabaki bat da eta negoziazio politikoen bidea zulatu egiten du". Akordioa berritzeko prozesua ez dela gardentasunez egin salatu du ere Fronte Polisarioak. Europako Batasuneko ordezkariek, akordioa justifikatzeko, soilik okupazioa babesten dutenekin kontrastatu zuten itunaren edukia eta horrek jatorrizko herritarrengan, sahararrengan, duen eragina.

Mendebaldeko Saharako ehun bat elkartek ere akordioaren kontra egin dute, eta jakinarazi dute autodeterminazio eskubidea babesten duen ezein elkartek ez duela ituna sostengatu. WSRW Mendebaldeko Saharako Baliabideen Ikerketarako erakundeak salatu du elkarte eta enpresa marokoarrak direla prozesuan parte hartu dutenak.

Europako Batasunak eta Marokok, bestetik, arrantza akordioa berritu zuten astelehenean. Kasu horretan ere akordioa ezin dela okupatutako lurraldean aplikatu ebatzi zuen justiziak. Parlamentuak otsailaren 11 eta 14a bitartean bozkatuko du akordio hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna