PSNk "errespetua" eskatu die Altsasuko gazteen zigorrak kritikatu dituzten alderdikideei

Altsasu eta Arangureneko hainbat sozialistek salatu dute, gehiegizkoak direla Altsasuko zortzi gazteei ezarritako zigorrak eta "gertatutakoarekin bat datorren epai bat" eskatu dute.

Altsasuko gazteen aldeko elkarretaratze bat, iazko azaroan. /
Altsasuko gazteen aldeko elkarretaratze bat, iazko azaroan. / Gorka Rubio/Foku

Berria -

2019ko urtarrilak 16

Datorren astean, Espainiako Auzitegi Nazionalean aztertuko dituzte Altsasuko zortzi gazteen abokatuek zigorraren aurka jarritako helegiteak. Hori dela eta, haien senide eta lagunek alderdiengana jo dute laguntza eske. Hortik etorri da Altsasuko eta Arangureneko hainbat sozialistek, Ezker Sozialista korronteak eta beste 21 pertsonek zabaldutako idatzia. Bertan salatzen dute "neurrigabekoak" direla zortzi gazteei jarritako 13 urte arteko zigorrak, eta eskatzen dute onar dezatela "gertatutakoarekin bat datorren epai bat".

Sinatzaileek nabarmentzen dute beti egon direla eta egongo direla indarkeriazko ekintzen kontra, biktima edozein ideologia edo lanbidetakoa dela ere. Baina zehazten dute beste toki batzuetan ere gertatu direla "autoritatearen aurkako erasoak" eta zigorrak, kalte ordainak eta behin-behineko espetxealdiak ez direla horren gogorrak izan. "Altsasuko gertakariengatik zigortutako batek 26 hilbete daramatza espetxean, eta oraindik ez dago epai irmorik".

PSNko kideek gaitzetsi egiten dituzte oharrean 2016ko urrian gertatutakoak, baina aldi berean, erasotzaileen aurkako zigorrak gehiegizkoak direla ohartarazten dute. Alderdiko zuzendaritzak, ordea, ez du begi onez ikusi datzia, eta "errespetua" eskatu die alderdikideei.

Ramon Alzorrizek, PSNko Antolakuntza idazkariak, erantzun du alderdia ez datorrela bat Altsasu eta Arangureneko kideek esandakoarekin, eta ohartarazi du "erasotuak Guardia Zibileko kide izatea ez zela "kasualitate hutsa" izan. "Altsasuko heritarren zati batek ez dituzte estatuko segurtasun indarrak bertan nahi. Testuinguru hori gabe ezin liteke ulertu orduan gertatutakoa".