Bilbon hilda aurkitu zuten haurraren ama atxilotu du Ertzaintzak

Hobera egin du amak, eta gaur hartu asmo diote deklarazioa. Poliziak jakinarazi duenez, eskuz idatzitako ohar bat aurkitu zuten ama-alaben etxean, gertakariekin lotuta. Bilboko Atxuri auzoan izan ziren gertakariak, asteazken gauean.

Bilboko Atxuri auzoan gertatu da heriotza. /
Bilboko Atxuri auzoan gertatu da heriotza. / Miguel Toña/EFE

Berria -

2019ko urtarrilak 19

Atxilotu egin dute asteazken gauean Bilboko Atxuri auzoan hilda agertutako haurraren ama, eta datozen orduetan hartuko diote deklarazioa, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Haurraren 20 urteko ahizpak aurkitu zituen 9 urteko neska eta ama, Atxuriko etxe batean, 22:00ak aldera. Hark eman zien abisua larrialdi zerbitzuei. Hilik zegoen haurra, eta bihotza geratuta zuen amak. Larrialdi zerbitzuek artatu ondoren, Basurtuko ospitalera eraman zuten emakumea, oso larri. Hobera egin du, eta arriskutik kanpo dago orain. Ertzaintzak atxilotu egin du gaur, ospitalean.

Indarkeria arrastorik gabe aurkitu zituzten ama-alabak asteazkenean, eta hasieratik hipotesi guztiak zabalik izan ditu Poliziak. Ez dute baztertzen haurrak substantzia toxikoren bat hartu izana ere, baina autopsiaren emaitzak ez dituzte jakinarazi oraindik.

Ertzaintzak eskuz idatzitako ohar bat aurkitu zuen ama-alaben etxebizitzan. Ez dute argitu oharrak zer dioen. Polizia ez dago ziur oharra amak idatzitakoa den ala ez.

Emakumea bi alabekin eta biloba batekin bizi zen etxean.