Galder Perezek irabazi du Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren saria

‘Lurrun-minez’ lanarekin nagusitu da, euskarazko atalean. Chema Trujillok jaso du gaztelaniazkoa.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko urtarrilaren 17a
12:22
Entzun

Hamaseigarren aldia dute sariek, eta lehen edizioko helburu berari tiraka jarraitzen dutela azaldu du Mikel Martinez aktore eta Tartean Teatro antzerki konpainiako kideak. “Teatroaren gauzarik inportanteena da gidoia”. Produkzio horri bultzada emateko, antzerki laburren lehiaketa egiten du urtero Tartean Teatro konpainiak Cafe Bar Bilbao tabernarekin elkarlanean. “Gidoigintzari bideratutako lehiaketak gero eta urriagoak dira”. 28 lan aurkeztu dituzte, orotara, lehiara: euskarazko 8 eta gaztelaniazko 20. Galder Perezek jaso du euskarazko saria: Lurrun-minez gidoiagatik. Otsailaren 7an egingo dute antzezlanaren irakurketa dramatizatua, Cafe Bar Bilbao tabernan.

Drama psikologiko, sozial eta sexual gisa definitu du Perezek bere lana. “Gay sauna batean gertatzen da, gabon gau batean”. Alex, saunako langilea den 30 urteko gizona, 19 urteko Jesus, eta Oskar, 44 urteko institutuko irakaslea elkartuko dira bertan. “Hiruki arrosa bat da. Baina jai bat izan nahi duenak, azkenean, kontrakoa bihurtzen da”. Hainbat gai jorratu ditu testuan. “Intragenero biolentzia, botere harremanak, lumafobia, maitasun erromantikoa, eromena, desioa... ertz asko azaltzen dira”. Galderak plazaratu dituela dio Perezek, eta hala jaso du bere lanaren laburpenean ere: “Beharrezkoak dira horrenbeste identitateren gaineko etiketa eta teoria? Edo dena justifikatu eta azaldu behar hau, ez ote da bestelako botereengandik hasotako herentzia kontserbadore patriarkala?”.

Bigarren aldiz irabazi du Perezek Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren saria: Eztenbako Trikuak langatik saritu zuten 2002an, sariketaren estreinako aldian. Bigarren aldiz jaso du gaztelaniazko saria Trujillok ere. Elle nést pas Liz Taylor gidoia saritu zioten 2017an, eta Isider lanarekin nagusitu da orain. Pederastiari buruzkoa da testua. “Internet bidez, adingabe bat limurtzen saiatzen den gizon baten istorioa kontatu dut”. Perez bezala, aktorea ere bada Trujillo. “Gidoia idaztean argi izan dut nik antzezteko lana idazten ari nintzela”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.