Europako hauteskundeak

'Orain Errepublikak' izango da Europako bozetarako EH Bildu, ERC eta BNGren hautagaitza

"Hiritarren bizi baldintzak, estaturik gabeko nazioen etorkizuna eta emakumeen eskubideak" izango dituzte lan ildo nagusi, Josu Juaristi hautagaiak azaldu duenez.

EH Bilduren ekitaldia Iruñean, 2014ko Europako bozetarako kanpainan.
EH Bilduren ekitaldia Iruñean, 2014ko Europako bozetarako kanpainan. Idoia Zabaleta/Foku.

Berria -

2019ko urtarrilak 17

Orain Errepublikak. Izen horixe izango du Europako Parlamentuko hauteskundeetarako EH Bilduk ERCrekin eta BNGrekin osatu duen koalizioak, Eldiario.es agerkariak berri eman duenez. Euskaraz ez ezik, lelo bera erabiliko dute beste hiru hizkuntzatan ere: Ara Repúbliques, katalanez; Agora Repúblicas, galegoz; eta Ahora Repúblicas, gazteleraz.

Josu Juaristik atzo Radio Euskadin azaldu zuenez, "Orain Errepublikak hiru lan ildo nagusi izango: hiritarren bizi baldintzak hobetzeko lan egitea, estaturik gabeko nazioen etorkizunaren alde lan egitea, eta eskuin muturrak emakumeei kendu nahi dizkien eskubideen alde lan egitea".

2014an, Herriek Erabaki koalizioaren barruan joan zen EH Bildu —oraingoaren antzeko formula zen, baina ERC gabe—.

Espainian eta Frantzian, estatu osoko eremua hartzen duen barruti bana egongo da; hau da, barruti bakarra estatu bakoitzean —Frantzian, eskualdeka banatu zituzten 2014an, zortzi zatitan—. Euskal Herria, beraz, bi barrutitan egongo da zatituta.

Hala, Espainiako Estatuko barruti osorako prestatu dute hautagaitza EH Bilduk, ERCk eta BNGk, lau hizkuntzetan. EH Bilduren hautagai Josu Juaristik abenduan azaldu zuenez, hiru alderdi horiez gain, akordio horren barruan bilduko dira talde txikiagoak ere; besteak beste, Asturias, Aragoi eta Kanarietako mugimendu subiranistak.

Europako "indar progresistekin harremanak hobetzea" eta, batez ere, estaturik gabeko herriekiko "elkarlana sendotzea" izango da hautagaitzaren helburua, Juaristiren hitzetan. Oriol Junqueras eta Marta Ribas katalanak lirateke hautagai nagusiak ERCren aldetik —CUPek erabakia du ez dela aurkeztuko—, Juaristi EH Bildutik eta Ana Miranda BNGtik.

2014ko bozetan, EH Baik ez zuen parte hartu. Barrutien sistema eta Ipar Euskal Herriko biztanle kopurua aintzat hartuta, ordezkaritza lortzea ezinezkoa lukeela ondorioztatu zuen, eta Juaristi jo zuen haien ordezkari Europako parlamentuan.

EAJ eta PdeCAT, koalizioa "itxi" gabe

EAJ eta PDeCAT Europako hauteskundeetara elkarrekin aurkeztuko ote diren oraindik berresteko dagoela, atzo Izaskun Bilbao europarlamentariak Radio Euskadin egindako elkarrizketan jakinarazi zuen berriz ere EAJren hautagaia izango dela, eta gehitu zuen otsailaren 3an berretsiko dutela bi alderdi horiek elkarrekin joango ote diren.

Gaur goizean Aitor Esteban diputatuak ere hitz egin du gaiaz ETBn. "Oraindik ez dago erabakita. Guk eduki ditugu elkarrizketak-eta, baina komunikabideen bidez jakin genuen horren berri", esan du: "Lehenago, Kataluniako eremu politikoa argitu behar da".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna