Espainia - Katalunia

Alderdien arteko elkarrizketa esparrua sortzea aztertuko dute Kataluniako eta Espainiako gobernuek

Bi gobernuek bilera egin dute, gaur goizean, Madrilen. Beste biera bat egingo dute datorren astean, Bartzelonan.

Pere Aragones Kataluniako presidenteordea, Elsa Artadi Kataluniako Gobernuko bozeramailea, Carmen Calvo Espainiako presidenteordea eta Meritxell Batet Espainiako Gobernuko Lurralde Politika ministroa, iazko abenduaen 20an, Bartzelonan egin zuten bileran.
Pere Aragones Kataluniako presidenteordea, Elsa Artadi Kataluniako Gobernuko bozeramailea, Carmen Calvo Espainiako presidenteordea eta Meritxell Batet Espainiako Gobernuko Lurralde Politika ministroa, iazko abenduaen 20an, Bartzelonan egin zuten bileran. Toni Albir/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko urtarrilak 17

Espainiako Gobernuak eta Kataluniakoak bilera egin dute, gaur, Madrilgo Moncloa jauregian. Bertan izan dira Carmen Calvo Espainiako presidenteordea, Pere Aragones Kataluniako presidenteordea eta Elsa Artadi Kataluniako Gobernuko bozeramailea. Lau ordu baino gehiago luzatu da bilkura, eta ez da ondorio argirik publiko egin. Oraingoz, jakitera eman duten bakarra da gobernuek elkarrizketarako bi esparru bereizteko aukera aztertuko dutela: bata, Espainiako eta Kataluniako gobernuen artekoa —dagoeneko sortuta dagoen bitariko batzordea—, eta beste bat alderdi politikoen artekoa. Aukera horri buruz hitz egiteko beste bilkura bat egingo dute datorren astean, Bartzelonan.

Joan den abenduaren 20an, bi gobernuak Bartzelonan bildu ziren, eta Kataluniako auziari elkarrizketaren bidezko irtenbide politikoa ematearen alde agertu ziren. Bilera horren ostean, gobernuen arteko harremanari eusteko konpromisoa hartu eta alderdien arteko elkarrizketa sustatzeko borondatea agertu zuten. Azken helburu horretarako, interesgarri jo zuten Kataluniako Parlamentuko Elkarrizketa Mahaia. Ikusteko dago alderdien arteko elkarrizketarako gaur aipatu duten esparrua foro hori izango den ala ez. Oraindik "zehaztu gabe" dagoela adierazi dute bi gobernuek, ohar bateratu baten bidez.

Pentsa daiteke bileran hizketagai izango zituztela Espainiako aurrekontuak ere, Pedro Sanchezen gobernuak ezinbestekoa baitu Kataluniako alderdi independentisten babesa, kontuak onartu ahal izateko. Negoziazioak abiatzeko bi baldintza jarri dituzte, baina, independentistek azken asteetan. Batetik, bitartekaritza neutral batek gidatutako elkarrizketarako gune bat sortzea, Kataluniako auzi politikoari irtenbide demokratiko bat bilatzeko; bestetik, errepresioaren bidea baztertzea. Oraingoz, Generalitatea sostengatzen duten indarrek babesa ukatu diote Sanchezen aurrekontu proiektuari, Madrilek ez duela oraindik "keinu politikorik" egin norabide horretan.

Abenduko bilera protesta giroan egin zuten, abenduaren 21ean Espainiako Gobernuak behartutako hauteskundeak egin zirela urte bat bete baitzen. Bada, gaurkoan ere giro nahasian bildu dira. Izan ere, Espainiako Poliziak CUP alderdiko bi alkate (Verges eta Celrà herrietakoak) eta 16 ekintzaile independentista atxilotu zituen, atzo. Joan den urriaren 1ean —Kataluniako erreferendumaren urteurrenean— desordena publikoa eragitea leporatzen diete atxilotuei.

Kataluniako Auzitegi Nagusiak argitu du atxiloketak ez dituela epaile batek agindu, eta, beraz, poliziak bere kontura jardun duela. Horrek independentisten haserrea areagotu du. Artadik eta Aragonesek "protesta eta haserrea" helarazi dizkiote Espainiako Gobernuari, atzoko atxiloketen harira. Azaldu dutenez, Madrilek erantzun du ardura Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrarena dela, eta ez gobernuarena. Azalpena "justifikaziorik gabekoa" dela erantzun du Generalitateak, eta azalpen gehiago eskatuko dizkio Teresa Cunillera Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariari, hark Kataluniako Parlamentuan egitekoa duen agerraldian.

Espainiako Barne Ministro Fernando Grande-Marlaskari gaiari buruz galdetu diote kazetariek, Kanariar Uharteetan eman duen prentsaurreko batean. Azaldu duenez, poliziak ekintza judizial baten testuinguruan egin ditu atxiloketak, "fiskal batek eta epaile batek zuzenduta eta koordinatuta".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna