Azpiegiturak

AHTa Gasteizen lurperatzeko, 434 milioi euro

Proiektua abiarazteko akordioa aurkeztu dute gaur. 90.000 metro koadro utziko ditu libre hirian. AHTrik Ez Arabak eskatu du egungo trenbide sarea hobetzeko, proiektu berriak egin beharrean.

Abalos Espainiako Sustapen ministroa, trenbidea lurperatzeko proietuaren aurkezpenean.
Abalos Espainiako Sustapen ministroa, trenbidea lurperatzeko proietuaren aurkezpenean. Endika Portillo

Jon Rejado -

2019ko urtarrilak 17

Gasteizko trenbidea eta tren geltokia lurperatzeko proiektua adostu dute administrazio guztiek. Gaur egungo trenbidearen bidetik joango da, eta 3.610 metro lurperatuko dituzte; hau da, Zabalganako auzoko bidea lur azaletik egingo du, baita Salburuko zati bat ere. Proiektuak 434 milioi euroko aurrekontua izango du: erdia Espainiako Gobernuak jarriko du, laurden bat Eusko Jaurlaritzak, %15 Gasteizko Udalak eta %10 Arabako Foru Aldundiak. Eraikitzen hasteko proiektua 2020ko ekainerako prest egongo dela aurreikusi dute, lanak 2023an amaitzeko.

Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministroak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura sailburuak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak aurkeztu dute proiektua, gaur goizean. Abalosek azaldu du trenbidea lurperatzeak 90.000 metro koadro utziko dituela, trenbide zaharrak dauden lekuan. 44.000 metro koadro geltokiaren inguruan geratuko dira libre.

Lurperatzeko proiektuaz gain, adostu dute ere AHTak ekialdetik eta mendebaldetik izango duen jarraipena. Ekialdean Arkautiko lotunea egongo da; Urbinatik heltzen den AHTaren plataforma egungo trenbidearekin lotuko du, eta, aldi berean, Arabako Lautadarantz doan burdinbidearekin lotuko du. Administrazioek aipatu dute horrek aukera emango duela Gasteiz eta Iruñea AHTaren bitartez lotzeko. Ordea, ez dute ezagutarazi zertan den proiektu hori. Arkautiko lotuneak 206 milioi euroko aurrekontua izango du, eta Espainiako Sustapen Ministerioak ordainduko du. Mendebaldeko proiektua AHTaren Burgos-Gasteiz linearekin konexioa da. 41 milioi euroko aurrekontua izango du.

Gutuna Abalos ministroari

AHTrik Ez Arabak gutun bat helarazi dio Espainiako Sustapen ministroari. Bertan, lehenik eta behin, gogorarazi diote Euskal Y-aren kontrako mugimenduak duen babesa eta indarra. “AHTaren proiektu berriek sozialki, ekologikoki eta ekonomikoki jasangaitza den eredu bati erantzuten diote”, hausnartu du plataformak. Horren ordez, tren publiko eta soziala defendatu dute, hiriburuez gain herriak, eskualdeak eta industria guneak lotuko dituena”. “Egungo trenbide sarea hobetzea proposatzen dugu, azpiegiturak berrituz, hirugarren errail bat gehituz: modu horretan plataforma berri baten eraikuntzak eragingo lukeena saihestuko litzateke”.

Azkenik, plataformak eskatu du gaiak ez nahasteko. Hots, hausnartu dute trena lurperatzeko proiektuak ez duela loturarik AHTa hirian sartzearekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon Rejado

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna