Epaimahaiak erruduntzat jo du Pablo Ibar

Fiskaltzak eskatu bezala, erruduntzat jo du AEBetako Brodar Countyko (Florida) auzitegiko epaimahaiak. Bigarrenez epaitu dute, 1994an Floridan klub baten jabea eta han lanean ziharduten bi neska hiltzea egotzita. Epaileak erabaki beharko du, otsailaren 24an, zer zigor ezartzen dion: biziarteko kartzela, ala heriotza. Helegiterako aukera izango du defentsak.

Pablo Ibar, epaia jakin berritan /
Pablo Ibar, epaia jakin berritan / Giorgio Viera/EFE.

Berria -

2019ko urtarrilak 19

Hamabi herritarrez osatutako epaimahai batek hartu du auziaren gaineko erabakia, eta, Chuck Morton fiskalak eskatu bezala, erruduntzat jo du.

Defentsak Ibarren errugabetasuna defendatzeko garatu duen estrategian, hainbat lekukoren testigantza eraman du auzitegira, Ibar hilketaren lekuan ikusi zuela deklaratu zuen Gary Foyk esandakoa gezurtatuko. Gainera, hilketa ikertu zuen taldeko buruari galdetu dio ea zergatik leporatu zioten hilketa Ibarri eta zergatik baztertu zituzten esku artean zituzten beste froga eta zantzu batzuk.

Ibarri leporatzen dioten hilketa gertatu zen tokiko segurtasun kamera batek jasotako irudian Ibar bera agertzen dela ziurtatu du Morton fiskalak, baina hori hala denik ezin da ziurtzat jo, George Scaluba FBIko adituaren esanetan. Fiskalak deitu du deklaratzera. Scalubak azaldu duenez, kamerako irudiei "xehetasuna falta zaie". Bideoa zuri-beltzean eta bereizmen urriarekin grabatuta dago. FBIko adituak adierazi du ezin duela ziurtatu irudian agertzen dena Ibar denik.

Epaiketan eztabaidarako gai izan da Ibar errudun jotzeko erabili ziren frogen zaintza. Hainbat bideo grabazio desagertu egin ziren, eta handik denbora batera agertu ziren berriro, zati batzuk ezabatuta. Gainera, EITBren dokumental batek jasotzen duenez, Chuck Morton fiskalak eskularrurik jantzi gabe erabili zituen frogetako batzuk. Defentsak nabarmendu du frogak ez zirela behar bezala gorde eta kutsatzeko moduan egon zirela.

Hala gertatu zela defendatu dute Ibarren abokatuek. Izan ere, bere DNArekin partzialki bat egiten duen orban bat topatu zuten hiltzaileak burua estaltzeko erabili zuen kamisetan. Uste hori babestu du defentsak deklaratzera eraman duen DNA aditu batek. Haren ustez, orbana txikiegia da froga modura hartzeko.

Jose Maria Casaliz EAJk Espainiako Senatuan duen bozeramailea eta Jon Iñarritu EH Bildurena Ibar babesten izan dira epaiketan, beste talde politiko batzuetako senatariekin, Senatuko legelariekin eta Espainiako Diputatuen Kongresuko ordezkaritza batekin batera.

Bigarrenez errudun

Bigarrenez epaitu dute Pablo Ibar. 1994an, Floridan, klub baten jabea eta bertan lanean ziharduten bi neska hiltzea egotzita, 2000. urtean erruduntzat jo zuten, eta heriotza zigorra ezarri zioten. Ibarrek 22 urte daramatza preso; horietako hamabost heriotzaren korridorean, eta beti aldarrikatu du errugabea dela.

Urteotan, familiak hainbat saio egin ditu epaiketa hura baliogabe uzteko. 2016an, lortu zuten. Floridako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Ibarren eskubideak urratu zirela epaiketan. Horrez gain, haren aurka aurkeztutako frogak ahulak eta eskasak izan zirela argudiatu zuen. Nabarmendu zuen ez dagoela haren hatz markarik, DNA laginik eta irudirik hura erruduna dela frogatzeko. Horrenbestez, epaiketa errepikatzeko agindu zuen. Ibarrekin batera hilketa hura leporatua zioten beste gizona ere bigarrenez epaitu zuten, eta epaimahai berriak errugabetzat jo zuen.

Jaurlaritzaren kritika

Eusko Jaurlaritzak epaia kritikatu du, baina "erabakiaren oinarri juridikoetan sartu gabe". Ohar batean esan du "giza eskubideen ikuspegitik" ez dela zuzena. "Munduan inork ez luke heriotza zigorraren esperoan egon behar", nabarmendu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna