Eskozia
Sturgeonek independentzia erreferendum berri baterako plana aurkeztuko du datozen asteetan
Eskoziako lehen ministroak brexitari buruzko bigarren erreferendum bat babestuko du, halaber, Erresuma Batuan.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak independentziari buruzko bigarren erreferendum baterako bere asmoen berri emango du, datozen asteetan, brexitarekin edozer gertatzen dela ere. Eskoziako gobernuburuaren esanetan, Erresuma Batuko gobernuak Europako Batasunetik irteteko borondateari eusten dionez, soilik independentziaren bidez bermatu daitezke Eskoziaren interesak.
Eskoziaren independentziari buruzko bigarren erreferendum baterako bide orria aurkeztu aurretik, Sturgeonek zenbait asteetako tartea utziko du, brexitarekin lotutako zalantzak argitu daitezen. Bere jarrera "argi" utziko duela iragarri du.
Azken bi urte eta erdiko brexit aren gaineko negoziazioek independentziaren aldeko jarrera indartu dute, Sturgeonen iritziz. Hori dela eta, independentzia defendatzen dutenei haren aldeko kanpaina egiteko unea dela adierazi die. "Eskoziak herrialde independentea izatea aukeratuko du eta orduan Westministerrek eskaintzen digun kaosa eta gaitasun eza baino etorkizun hobea eraikitzen jarraitu ahal izango dugu".
Eskoziako lehen ministroaren esanetan, ezinbestekoa da independentziaren aukera herritarren eskura egotea, herrialdeak "hondamendi" bati aurre egin beharko baitio.
2014an, independentziari buruzko erreferenduma egin zuen Eskoziak. Herritarren %55ek Erresuma Batuan jarraitzearen alde egin zuten. Aldiz, brexit ari buruzko erreferendumean are alde handiagoarekin erabaki zuten eskoziarrek Europako Batasunean jarraitzea. %62k egin zuen aukera horren alde.
Sturgeon Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroarekin bildu zen, atzo; Mayk Bruselarekin adostu zuen brexiterako akordioaren bozketa parlamentuan galdu ondorengo egunean. "uste dut lehenengo ministroa jakitun dela idenpendentziari buruzko nire iritzia zein den. Independentziaren aldekoa naiz, eta uste dut, Eskozia orduan eta lehenago independente izan, guztiontzako hobea izango dela".
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.