Kolonbia

Gobernuak ELN gerrillari egotzi dio Bogotako atentatua

Leherketak 21 hildako eta 68 zauritu utzi ditu. Kolonbiako Defentsa ministroak adierazi du identifikatu dutela erasotzailea —hil egin da bera ere—, eta ELNko kidea zela ziurtatu du. Gerrillak ez du adierazpenik egin oraindik.

Erasoa izan zen polizia eskolaren aurrean protesta egin zuten herritarrek eta poliziek.
Erasoa izan zen polizia eskolaren aurrean protesta egin zuten herritarrek eta poliziek. Leonardo Muñoz/efe.

Hodei Iruretagoiena -

2019ko urtarrilak 18

Gutxienez 21 hildako —erasotzailea barne— eta 68 zauritu eragin ditu atzo bonba-auto batekin Bogotako Francisco de Paula Santander polizia eskolan egindako erasoak, Kolonbiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez. 80 kilo pentonita leherrarazi dituzte. Poliziaren arabera, Bogotan 9:30 inguru zirela, segurtasun kontrolak gainditu ditu kamioi batek, eta polizia eskolako patioan lehertu da, desfileak egiten dituzten lekuan.

Ivan Duque presidenteak goizean esan du erasotzailea identifikatu duela poliziak, eta izen-abizenak ere eman ditu Fiskaltzak: Jose Aldemar Rojas Rodriguez. 56 urte zituen. Arratsaldean Guillermo Botero Defentsa ministroak jakinarazi duenez, ELN Nazioa Askatzeko Armadako kidea zen, eta Mocho edo Kiko goitizenak zerabiltzan gerrilan: "Argitu ahal izan dugu 2008 eta 2010 artean esku bat galdu zuela lehergailuekin ari zela. 2003an, lehergailuei buruzko formazioa eman zuen. ELNren Domingo Lain Saenz Fronteko burua izan zen".

Erasoa gertatu den unean, zeremonia bat ospatzen ari ziren poliziak. Gidaria barruan zela lehertu da ibilgailua, eta Poliziak atentatu suizida gisa hartu du. Biktimak polizia eskolan formazio saioetan zeuden kadeteak dira. Dagoeneko senda-agiria jaso dute zauritu gehienek —hamar geratzen dira ospitalean—.

Ivan Duque herrialdeko presidenteak bertan behera utzi zuen atzo Quibdo hirian egitekoa zuen segurtasun kontseilua, eta Bogotara joan zen. Duque: "Kolonbiar guztiok gaitzesten dugu terrorismoa eta batuta gaude hari aurre egiteko. Kolonbia penatuta dago indakeria horrengatik, baina ez da haren aurrean makurtuko". Presidenteak nabarmendu du ez dutela etsiko "gainerako terroristak harrapatu eta justiziaren aurrera eraman" arte, eta "zigor eredugarria" jasoko dutela ziurtatu du.

Erabateko gaitzespena

Herrialde ugaritako agintariek gaitzetsi dute erasoa. Besteak beste, Ekuador, Panama, Txile, Venezuela eta Boliviako presidenteek, guztiek salatu dute "terrorismoa" izan dela erasoa. "Indarkeria baztertu egin behar da, gertatzen den lekuan gertatzen dela", esan du Luis Almagro OEA Ameriketako Estatuen Erakundeko idazkari nagusiak, eta "eskualdearen batasuna" zaintzera deitu du.

Bogotan Esmad Liskarren aurkako Eskuadroi Mugikorreko agenteen errepresioa salatzeko manifestazio bat ere iragarria zuten atzorako Distrital Unibertsitateko ikasleek, baina bertan behera utzi zuten, odola ematera joateko. FARC eta ELN gerrillen eta Juan Manuel Santosen gobernuaren negoziazioen ondoren —Duque presidenteak joan den ekainean irabazi zituen hauteskundeak, Ivan Petro ezkertiarra garaituta—, ez zen azkenaldian gisa horretako erasorik izan Kolonbian. FARCek sortutako alderdiko buruzagiek ere gaitzetsi dute erasoa. "Gure elkartasuna hildako polizien senideentzat", esan du Jose Lisandro Lascarro Pastor Alape gerrillari ohiak.

Bake prozesuaren ondoren, indarkeria giroa ez da baretu Kolonbian, ez behintzat zenbait eremutan. Atzo bertan, Deimer Usuga nekazariaren hilketa salatu zuten Lascarrok berak eta giza eskubideen aldeko elkarteek —asteazkenean hil zuten–, eta estatua egin zuten erantzule, paramilitarren erasoen aurka ezer ez dutela egiten leporatuta. Asteartean, Víctor Manuel Trujillo buruzagi soziala hil zuten, Guacamocoko nekazari eta meatzarien elkarte bateko kidea.

Kolonbiako arartekoaren arabera, gizarte mugimendutako 431 buruzagi hil dituzte 2016an FARCek eta Santosen gobernuak bakea sinatu zutenetik.