Zergak

Tobin eta Google tasak onartu ditu gaur Espainiako Gobernuak

Zerbitzu digitalen tasa ordaindu beharko dute Interneteko konpainia handiek, eta enpresa handien akzioak salerosten dituztenek.

Iker Aranburu -

2019ko urtarrilak 18

Lege proiektuen bitartez tramitatuko ditu bi tasak Madrilgo gobernuak. Horrek esan nahi du indarrean  jarri ahal izateko Espainiako Gorteetako beste talde batzuen babesa lortu beharko duela PSOEk. 

Zenbait Zerbitzu Digitalen tasa, Google tasa izenez ezaguna, munduan 750 milioi eurotik gora eta Espainian hiru milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzten Interneteko konpainiek pagatuko dute. Ez die, ordea, operazio guztiei eragingo. Sarean egiten den publizitatea, bitartekaritza zerbitzuak eta datuen salerosketa zergapetuko du: operazio horien fakturazioaren %3 pagatu beharko dute. Gobernuak espero du urtean 1.200 milioi jaso ahal izango dituela. Tasatik salbuetsita geratuko dira ondasunen eta zerbitzuen salerosketa.

Tobin tasak, berriz, Finantza Eragiketen Tasa izena jasoko du. Espainiako finantza merkatuetan salerosten diren akzioen salerosketak %0,2ko tasa ordainduko du. Soilik eragingo die burtsan mila milioi eurotik gorako balioa duten enpresei.  Euskal Herrian egoitza duten enpresa askori eragingo die —BBVAri, Iberdrolari, CAFI...—. Tasa ordaintzetik kanpo geratuko dira zor publikoa eta pribatua, eta finantza produktu deribatuak. Espainiako Gobernuak kalkulatu du urtean 850 milioi emango dizkiola tasa horrek.