Lau hilabeteren ondoren, gobernua osatu dute Suedian

Behin eskuin muturra bakartzea lortuta, Stefan Lofven sozialdemokratak lehen ministro izaten jarraituko du.

Lofven gaur, lehen ministro izendatua izan ondoren.
Lofven gaur, lehen ministro izendatua izan ondoren. JESSICA GOW / EFE

Igor Susaeta -

2019ko urtarrilak 18

Joan den irailaren 9an egin zituzten hauteskundeak, eta, gobernua osatzeko lehen bi saiekerek huts egin ondoren, gaur goizean Lofven SAP Alderdi Sozialdemokrataren liderrari eman diote, berriro, gobernuaren gidaritza. Lofven 2014 eta iaz artean ere izan zen lehen ministro. Gaurko bozketan Ezkerreko Alderdiaren abstentzioa behar zuen hautatua izateko, eta, herenegun iragarri bezala, komunista ohiak abstenitu egin dira. Lofvenen alde bozkatu dute Suediako Parlamentuko Riksdag-eko 115 diputatuk, kontra 153k, eta 77 abstenitu dira. Hango sistema politikoaren araudiaren arabera, gobernu batek ez du frogatu behar gehiengoa alde duela, baizik eta ganberaren gehiengoa ez duela kontra. Eta hori gertatu da.

SD Suediako Demokratak eskuin muturreko alderdia hirugarren indar bozkatuena izan zen bozetan. Lau hilabeteko paralisi politikoa eteteko egindako negoziazioetan, zentro-eskuineko aliantzarekin akordioa egin zuen Lofvenek pasa den astean, eta modu horretan lortu dute SD bakartzea. Halere, Lofvenek gutxiengoan gobernatuko du Berdeen laguntzarekin, eta parlamentuan eskuin muturrari aurre egin beharko dio. "Eskuin muturreko indarrak hazten ari dira herrialde askotan, eta Suediak aurrera egiteko beste modu bat aukeratu du", nabarmendu du Anders Ygeman sozialdemokraten talde parlamentarioko presidenteak. Egindako hautua ondo laburbildu du Annie Loof zentroko alderdiaren liderrak: "Zirkunstantziak kontuan hartuta, aukera onena da".

Lehen ministroa aukeratzeko balizko laugarren bozketa batek porrot egin izan balu —hiru egin dituzte—, berriro deitu beharko zuten hauteskundeetara. Lofven astelehenean da kargua hartzekoa eta exekutibo berria aurkeztekoa.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna