Euskal presoak

Mikel Albisu kartzelatik atera dute, baina Parisko atxikitze zentro batean sartu dute zigorra betea izan arren

Sortuk "berehala askatzeko" exijitu du. "Egunak" egin ditzake atxikita, "baldintza kaskarretan", Espainiaratu ahal izateko kudeaketa administratiboen ondorioz. 2004an atxilotu zuten, etakidea zela leporatuta, eta 20 urteko zigorra jarri zioten Frantzian.

Jipoitu egin zutela salatu zuen Mikel Albisuk iazko apirilean.
Jipoitu egin zutela salatu zuen Mikel Albisuk iazko apirilean. BERRIA.

Berria -

2019ko urtarrilak 19

Frantziako zigorra beteta, Reauko kartzelatik atera eta Parisko atxikitze zentro batean sartu dute gaur goizean Mikel Albisu Iriarte (Donostia, 1961). 11:00ak pasatxoan atera dute espetxetik, autoan, atxikitze zentrora eramateko. Sortuk jakinarazi duenez, "egunak" eman ditzake han, hura Espainiaratu ahal izateko kudeaketa administratiboak "egiteko daudela eta" —ez da lehen aldia euskal presoak halako zentroetara eramaten dituztena Frantzian zigorra bete ondoren, herrialdetik kanporatu aurretik—. Frantziatik kanporatzeko agindua jarri zioten Albisuri zigortu zutenean, eta Espainian ez du auzibiderik irekita, printzipioz. Sortu: "Kalean egon behar luke. Estatuei joko errepresiboak alde batera uzteko eta Mikel berehala askatzeko exijitzen die Sortuk".

Besteak beste, Euskal Herriko historia garaikideko kartzela ihesaldirik sonatuenari lotuta dago ETAko militante, EPPK-ko kide eta idazlearen izena. Antiguo auzoko sorlekutik gertu zuen Martuteneko kartzela, eta soinu teknikariaren mozorroarekin sartu zen, Imanolen kontzertuaren ondoren, Joseba Sarrionandia Sarri eta Iñaki Pikabea Piti bozgorailu batean irten zitezen. 1985eko uztaila zen. 2004ko urriaren 4an atxilotu zuten, eta preso izan dute geroztik.

Filologia ikasketak eginak zituen ordurako, Argia-n kolaboratzen zuen, eta idazle gisa ere ari zen bidea egiten. Albisuk berak artikulu batean kontatu zuenez, 1979an, Susa aldizkariaren lehen zenbakirako ipuin bat sinatzeko asmatu zuen Anza izengoiti literarioa: "Aldez, etxekoak ipuintxo horren edukiarekin lotsaraz ez zitezen nortasuna mozorrotzeko, eta aldez, irakurzaletasuna sustatu zidan amona Juliri begi-kliska egiteko: bigarren abizena baitzuen Anza".

Halaxe sinatu ditu geroztikoak; azkenetako bat, Ametsak ere zain (Susa, 2015), Mikel Antzaren estreineko poema liburua. "Ez genuen geure buruaz Houdini egin", zekarren ahapaldi batean. Kartzela, kartzelako egitekoak, borroka armatua, mina, gerra, heriotza, autokritika eta kritika, desira eta drama... Denetarikoak jorratu zituen. "Nortasuna mozorrotzeko" izengoitia asmatu zuenetik 30 urte baino gehiago igarota, han ez zen "eskapismorik" ez ilusionistarik, Jon Benito idazleak liburuaren aurkezpenean nabarmendu zuen gisan: "Liburu honetan Mikel Albisuk ez du Mikel Antzarengan ezkutatuta Houdinirena egin".

Bi hamarkada sasian

Mikel Albisuk, ihes, 1985eko sanferminetako ihesaldi sonatuaren ondoren egin behar izan zuen, klandestinitatera, polizien informazioetan oinarritutako garai hartako kroniken arabera —"tamalez, Poliziak eta Espainiako hedabideek goitizen literarioa guda-izen gisa atxiki zidaten, nahaspila sortuz"—. Poliziaren esanetan, beraz, Paris aldean orduko etakideekin harremanetan ibili ondoren, 1992ko Bidarteko (Lapurdi) operazioaren ondoren sartu zen zuzendaritzan, eta "aparatu politikoko arduradun" bihurtu. Bi hamarkada sasiko "nahaspilan", 2004an atxilotu zuten arte.

2004ko urriaren 4an Ipar Euskal Herrian eta Biarnon egindako sarekada batean atxilotu zuten Albisu, beste bederatzi kiderekin batera —tartean zen Marixol Iparragirre, etakidea eta Albisuren bikotekidea—. Paris aldean izan zuten preso aurrena, eta 2010eko azaroan epaitu ondoren, abenduan zigortu zuten 20 urtera. Azken urteetan, Reauko espetxean izan dute, eta EPPKren bozeramaile lanak egin ditu Marixol Iparagirrerekin batera. 2017ko abenduan, esaterako, Vincent Bru diputatuarekin, Max Brisson senatariarekin eta Jose Bove eurodiputatuarekin bildu ziren Iparragirre eta Albisu, Parisen bakegileek deitutako manifestazioaren aurretik.

ETAren izenean ere mintazatu ziren 2010eko azaroko epaiketan. "Ez gara terroristak, bakea nahi dugu, Euskal estatua sortu nahi dugu", esan zuten epaituek. Albisu Iriartek berak, "egin hutsez kontziente" zirela aitortu zuen: "Ez dugu nahi gure aukera politikoa inori inposatu. Gehiengoak hori nahi badu gauzatu behar da".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna