Migrazioak

Itsasoratzeko baimena ukatu dio Itsas Kapitaintzak 'Aita Mari' ontziari

Erabakiaren aurkako helegitea jar daitekeela adierazi dute itsasontziko arduradunek.

Aita Mari ontzia, artxiboko irudi batean. /
Aita Mari ontzia, artxiboko irudi batean. / Maialen Andres/Foku

Arantxa Iraola -

2019ko urtarrilak 18

Itsasoratzeko beharrezko baimenak lortu ezinik ibili dira Aita Mari itsasontziko arduradunak, Mediterraneoan salbamendu lanak egiten hastesko data atzeratu eta atzeratu. Gaur arratsaldean baieztatu dute Itsas Kapitaintzak ukatu egin diela itsasoratzeko baimena, eta eragotzi egiten duela horrek haien misioa. Erabaki horren kontrako helegitea aurkez daitekeela esan dute, hala ere, eta egitasmoa babesten ari diren abokatuak aztertzen ari direla zer urrats egin. Prentsaurrekoa emango dute bihar zer asmo dituzten jakinarazteko. Pasaiako kaian dago egun ontzia.

Mediterranear itsasoan salbamendu lanetan aritutako Open Arms ontzia ere ataka zailean dago. Bartzelonako portuan dago, irten ezinik. Kasu bietan, Itsas Kapitaintzak galarazi die itsasoratzea; Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak du erakunde horren gaineko azken hitza. Hainbat erakunde kontu eske ari zaizkiio horregatik ministerio horri, itsasontzion jarduna zergatik ez duen errazten galdezka.

Arrantzontzia zen Aita Mari, baina propio prestatu dute hilabeteotan salbamendu lanetarako, Mediterraneoan iheslariek bizi duten egoera zaila ikusita. Maydayterraneo deituriko egitasmoaren barruan ari dira.

Ontziak Jose Mari Zubia Zigaranen omenez du haren izena. Zumaian (Gipuzkoa) jaio zen,1861ean, eta Donostian aritu zen patroi. Hainbatetan itsasoratu zen larrialdian zebiltzan arrantzaleei laguntzera. Omenaldia egin zioten, urtarrilaren 9an, Donostian.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna