Euskara

Tuteran, euskara aintzat hartzera konprometitu da Ezkerra, lanpostu publikoetarako

"Gutxienez", gaztelera ez diren gainontzeko hizkuntzen pareko balioa aitortuko diotela adierazi du. Jarreraz aldatu eta Arartekoak egin dion gomendioa bere egingo duela ziurtatu du.

Eneko Larrarte Tuterako alkatea, Ezkerra alderdikoa, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2019ko urtarrilaren 18a
12:11
Entzun

"Nafarroako Arartekoak gure errespetu osoa merezi du", adierazi du Ezkerrak ohar bidez. Hori dela eta, Tuterako (Nafarroa) udal lanpostu publikoetarako lehiaketetan euskara aintzat hartzeko egin dion gomendioa bete egingo duela ziurtatu du; "gutxienez", gaztelera ez diren gainontzeko hizkuntzei onartzen zaien besteko balioa emango dio.

Udalak deialdi publiko bat egin zuen, iazko maiatzean, Udaltzaingoko inspektoreorde kargurako, eta bosna punturekin baloratu zuen ingelesa, gaztelera edo alemana jakitea. Euskararen ezagutzak, aldiz, ez zuen lekurik deialdian; puntutan, ez zuen ezer balio: zero. Erabakiak hainbat eragileren kexa eragin zuen. Horien artean, CUP Candidatura de Unidad Popular —EH Bilduk bultzatutako udal taldea— eta Administrazioan Euskaraz taldearena.

Administrazioan Euskaraz taldeko ordezkari Joseba Otanok Nafarroako Arartekora jo zuen, iaz, "euskaraz jakitea atzerriko hizkuntzak jakitea baino gutxiago balioesten zelako". Irailean bidali zuen Francisco Javier Eneriz arartekoak balorazioa Tuterako udaletxera. Idatzian, euskaraz jakitea atzerriko hizkuntzak jakitea baino gutxiago ez baloratzeko eskatu zion Eneko Larrarte alkateari (Ezkerra).

Arartekoak gogora ekarri zion, legez, berezko bi hizkuntza daudela Nafarroan: "Bata ofiziala da Nafarroa osoan (gaztelania), eta bestea, partzialki koofiziala (euskara)". Ohartarazi zuen Nafarroako erakundeek betebehar batzuk dituztela euskararekin, "eremu euskaldunean ofiziala izatearen eta gainerako eremuetan babesa izatearen ondorioz".

Arartekoaren oharra jaso zuenean, Larrartek erantzun zuen euskara aintzat hartzea ez zela derrigorrezkoa. Argudiatu zuenez, "legeak ez du esaten" eremu mistoan erakunde publikoek euskara ezinbestean baloratu behar dutenik, "egin daitekeela baizik".

Orain, Ezkerrak aldatu egin du orduko jarrera. Azaldu duenez, "Nafarroako hizkuntza ofizial guztiak" baloratzen ditu, eta gaineratu du euskara, "nafar guztien ondare gisa", babestu egin behar dela. Segidan gaineratu duenez, alderdia kontziente da Tutera ez dagoela eremu euskaldunean eta gaztelera dela bertan hizkuntza hedatuena.

Tuterako Geroa Bairen iritziz, onerako aldatu du Larrartek euskararekiko jarrera, "gizarte presioaren ondorioz" gertatu dela uste badu ere. Bestalde, kritikatu egin du UPNn eta PPNk Nafarroaren "hizkuntza propioarekin" duten "obsesioa".

PPNk kritikatu egin du Ezkerraren erabakia, eta Tuterako "errealitate linguistikoa" errespetatzeko eskatu dio, lan eskaintza publikoak egiterakoan. Lehiaketa baztertzailerik ez deitzeko eskatu dio. Oharatazi du, euskara aintzat hartuz gero, Tuteratik kanpoko herritarrez beteko dela udal administrazioa.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.