Politika

Orain Baik ezin ditu Ahal Dugu-ko parlamentariak kanporatu, txosten juridikoaren arabera

Dokumentuak jasotzen duenez, Carlos Couso parlamentariak aurkeztutako eskariak ez ditu beharrezko baldintza formalak betetzen. Mahaiak legelarien txostena ontzat emanez gero, Ainhoa Aznarezek parlamentuko presidente karguan jarraituko du. Naiz agerkariak egin du publiko parlamentuko legelari taldearen txostena.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren bilera bat. Artxiboko irudia. IñIGO URIZ, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko urtarrilaren 18a
07:36
Entzun

Nafarroako Ahal Dugu-ko hiru parlamentariak Orain Bai taldetik kanporatzeko eskariak ez ditu beharrezko baldintza formalak betetzen, Nafarroako Parlamentuaren txosten juridikoaren arabera. Dokumentua astelehenean aztertuko du Mahaiak. Edukia aurretik egin du publiko, ordea, Naiz agerkariak. Ahal Duguko iturriek BERRIAri jakinarazi diote alderdiaren legelari taldea egoera aztertzeko lanean ari dela dagoeneko. Txosten juridikoak Carlos Cousok aurkeztutako eskaria aztertu du. Ainhoa Aznarez, Tere Saez eta Mikel Buil Ahal Dugu-ko parlamentariak Orain Bai taldetik kanporatzeko galdegin dio Cousoren eskariak Mahaiari.

Txostenaren arabera, Ahal Dugu-ko hiru parlamentariak kanporatzeko eskariak frogatu behar du erabakia gehiengo osoz hartu duela talde parlamentarioak, Espainiako "Auzitegi Konstituzionalaren doktrinak eskatzen duen modura". Orain Baiko lau kidek babestu zuten taldeko gainerako hiru parlamentarien kanporatzea. Aldiz, legelariek zehaztu dutenez, araudiaren 39.3 artikuluak dio parlamentari bat edo batzuk talde batetik kanporatzeko, aurretik bilera formal bat egin behar duela taldeak eta bilera horren gai ordenean jaso behar duela kanporatzeari buruzko eztabaida. Horrez gain, bilkuraren aktan jaso behar du taldeak gehiengo osoz hartu duela erabakia. Ondoren, taldeko bozeramaileak neurriaren berri eman beharko dio Parlamentuko Mahaiari.

Legelariek nabarmendu dute Cousoren eskariak ez dituela baldintza horiek betetzen, eta, beraz, Mahaiak ez duela aintzat hartu behar. Dena den, aurreratu du epe bat eman diezaiokeela, beharrezko baldintza formal guztiak beteko dituen eskaria aurkeztu dezan.

Cousoren eskariaren aurka, alegazioa aurkeztu zion Builek Mahaiari, eta Laura Perez, Fanny Carrillo, Ruben Velasco eta Carlos Couso parlamentariak Orain Bai taldetik kanporatzeko eskatu zuen idatzi horretan. Legelarien esanetan, Mahaiak ez du eskari hori aintzat hartu behar, ez baitago hura onartzeko oinarri juridikorik araudian.

Bestalde, txostenak gogorarazten du Parlamentuko Mahaiarena dela Aznarez, Saez eta Builen kanporatze eskariaren gainean erabakitzeko eskumena, eta haren ebazpena ezin izango dela errekurritu Bozeramaileen Batzordearen aurrean. Aldiz, auzibidera jotzeko aukera izango da, Auzitegi Konstituzionalean, babes helegitearen bidez.

Txostena Manuel Pulidok sinatu du, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusiak.

Laukoak Nafarroako aurrekontuak onartu eta berehala aurkeztu zuen kanporatze eskaria Cousok. Erabakiak kolokan jarri du aldaketaren aldeko indarren gehiengoa Parlamentuko Mahaian. Izan ere, Aznarez taldetik kanporatuko balute, ezin izango luke ganberako presidente izaten jarraitu.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.