Asironek elkarrizketarako deia egin die auzokideei

Larunbatean okupatu zuten gazteek Rozalejo jauregia, hirugarrenez, jendetza baten babesean. Igandean, goizeko zazpiak aldera joan ziren foruzainak; barruan ez zen inor, baina Maravillasekoek jakinarazi dutenez, gazte bat atxilotu dute kaleko oldarraldietan. Atea itxi dute berriz. "Marra gorri guztiak" gainditu izana egotzi diote Nafarroako Gobernuari. Iruñeko alkatea auzokideekin bilduko da gaur. Manifestazioaren bideoa, albistearen amaieran.

Espainiako Polizia eta Foruzaingoa, gaur, Nabarreria plazan.
Espainiako Polizia eta Foruzaingoa, gaur, Nabarreria plazan. Iñigo Uriz/Foku

Hodei Iruretagoiena -

2019ko urtarrilak 21

Iruñeko alkate Joseba Asironek elkarrizketarako deia egin die Maravillas gaztetxearen aferan inplikatutako eragile guztiei. "Gertaerak errepikatzen dira, eta ez da inoren alde", esan du: "Elkarrizketa da modu bakarra irtenbidea bilatzeko, eta pentsatzen dut aukerak badirela, gainera, epe motzean lor daitezkeenak. Ez du merezi borrokan jarraitzea behar bezalako baldintzak betetzen ez dituen eraikin baten inguruan". Garrantzitsuena "autogestioan oinarritutako proiektua" dela nabarmendu du.

Jakinarazi duenez, Uxue Barkos lehendakariarekin ere jarri da harremanetan, eta gaur auzokideekin biltzeko asmoa du; ostalariak eta bizilagunen elkarteak aipatu ditu. Gogora ekarri du hiru hilabetez aritu zirela gaztetxekoekin negoziatzen.

Larunbateko manifestazio jendetsuaren ondoren eskuratutakoa, berriz ere kolokan dago: Maravillas gaztetxera sartu zen, atzo, Foruzaingoa. Gaztetxeko kideek zabaldu dutenez, barruan ez dute inor topatu. Atea ireki dute poliziek, eta Nabarreria plaza hartu dute. Gazteren batzuk hurbildu dira kanpoaldetik protesta egitera, eta "tentsio uneak" izan dira. Poliziak jendearen aurka oldartu dira, eta zaurituak daude, Maravillaseko kideek salatu dutenez. Gutxienez atxilotu bat izan dela jakinarazi dute, kaleko oldarraldietan.

Larunbatean, okupazioaren aldeko oihuek bete zuten Nabarreria plaza, jendetza baten babesean okupatu zuten gaztetxea. 12:00etan prentsaurreko bat egin dute gazteek, kalejira baten ondoren.

Maravillasekoen agerraldia

Nafarroako Gobernuaren "erasoa" salatu dute agerraldian, eta oroitarazi dute hamarka oldarraldi eta ehun zauritu baino gehiago eragin zituztela poliziek. “Errepresioarekin eta indarkaria latzarekin gelditu nahi bagaituzte ere, gure izaera errebeldea askoz ere indartsuagoa da”.

Gaztetxera sartzeko argudioak "aitzakia eta gezurra" izan direla saatu dute: "Gu gara izaera kolektiboko gune hau mantentzeko eta babestua izateko interesdun nagusiak". Zalantzan jarri dituzte teknikarien egindako txostenaren emaitzak; besteak beste, jarraitu beharreko prozedurak ez dituztela bete argudiatuta. "Nafarroako Gobernuaren helburua gu botatzea eta eraiki fisikoki haustea izan da".

Larunbatean, "hainbat bizilagunek eta herri mugimenduko zenbait kolektibok" Rozalejo jauregia berri ireki zutela azaldu dute, hura "jardueraz bete eta normaltasuna berreskuratzeko". Igandean ere auzoa poliziaz bete izana leporatu diote gobernuari, "errepresioaren bidea hautatzea". Hala, "nazkatuta" daudela ohartarazi dute: "Aski da, marra gorri guztiak gainditu dituzue. Aurrean izango gaituzue, eta ez izan zalantzarik, auzo honek gaztetxea lortuko du ahal bezain laster".

Erreakzioak

Iruñeko EH Bilduk "Alde Zaharrera elkarbizitza bueltatzeko" deia egin du: "Auzoak ez du tentsio egoera hau merezi. Elkarrizketa eta akordioa dira auzo proiektuak eraikitzeko bide bakarra. Poliziaren presentzia, kargak eta enfrentamenduak konponbiderako oztopo dira".

Laura Perez (Orain Bai) parlamentaria kalean izan da gazteen protestan, eta lauko gobernuaren jarrera salatu du. "Elkarrizketa egokia eman ahal izateko, salaketa kendu behar da", esan du, eta gazteek egindako lana aintzat hartzeera deitu du: "Uste dugu Maravillasek bertan egon behar duela".

Larunbatean, pankarta bat bota zuten Maravillas gaztetxeko balkoietatik: "Gaztetxerik gabe, bakerik ez. Maravillas herriarentzat". Aurretik, manifestazioa egin zuten Iruñeko kaleetan zehar, eta ekitaldi batekin amaitu. Besteak beste, Donostiako Kijera gaztetxeko kideek hartu zuten hitza —hutsarazteko arriskua dute horiek ere—.

Berriro ere gaztetxean sartu ondoren, oharra atera zuten Maravillaseko kideek. Salatu zuten "hustutze bortitzaren ostean eta hiru eguneko okupazio poliziala pairatu" ondoren, 100 zauritu eragin zituztela poliziek: "Guk aski dela irmoki esaten dugu". Maravillas: "Ez dugu onartuko kapitalak jabetza kolektiboak bereganatzen eta pribatizatzen jarraitzea. Ez dugu onartuko porlanaz eta hormigoiz gure ametsak eraisten jarraitzea. Horrexegatik, injustizia eta gezurren aurrean, atzera pausorik ez ematearen erabaki sendoa hartu dugu".

Urtarrilaren 8ko goizaldean sartu ziren Maravillas gaztetxera Nafarroako Gobernuak bidalitako teknikari eta langileak, eta polizien oldarraldiak izan ziren hiru egunez gaztetxearen inguruetan. Segurtasuna argudiatu zuen gobernuak, baina, manifestaziorako deia egiteko agerraldian, gazteek ziurtatu zuten inoiz ez dela arriskuan egon eraikinaren eta pertsonen segurtasuna, eta gaztetxeak ez diola kalterik eragin auzoari: "Aitzitik, Nafarroako Gobernuak hiltzen utzitako eraikin bat berpiztu genuen". Hutsaraztea salatzeko, manifestazioa egin zuten igandean Iruñean, eta horren ondoren sartu dira Maravillas gaztetxean.

Iruñera iristeko oztopoak ere salatu zituzten larunbatean hainbatek. Donostiako Kijera gaztetxeko kideek jakinarazi dutenez, Espainiako Poliziak kontrol batean geratu ditu Iruñea inguruan, eta hainbat gazte identifikatu zituzten. Gainera, argazkiak ere atera zizkietela salatu zuten: "Nahi ez zutenak kolpatuak izan dira, argazkia ateratzeko".

Maravillas gaztetxeko gazteek azken agerraldian adierazi zutenez, "elkarrizketarako prest" egon dira beti, eta gobernuari egotzi zioten egoeraren erantzukizuna: "Teknikariekin eraikinaren egoeraz eta obrez hitz egiteko prest azaldu gara beti. Hamaika eskaintza egin ditugu egoera juridikoa aztertzeko, eta guztiei muzin egin die gobernuak". Zehaztu zuten Maravillas gaztetxearen etorkizunak ez duela zertan egon Rozalejoko jauregiari lotuta: "Garrantzitsuena gaztetxearen proiektua da, eraikin jakin baten gainetik".

Polizien bortizkeria ere kritikatu zuten gazteek: "Foruzaingoaren nahiz Espainiako Poliziaren kolpeek 50 zauritu eragin zituzten, eta batzuk ospitalean daude. Horrek frogatzen du [Nafarroako Gobernua] zenbateraino den gai gezurra esateko bere interesak babeste aldera. Ez al zen ikuskatze tekniko soil bat? Zertarako etorri ziren kopetaraino armatuta? Kontua ez al zen, bada, segurtasuna bermatzea?".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna