Katalunia

Omnium Cultural: "Estatua akusatuko dugu"

Epaiketaren atariko, bideo bat egin dute Kataluniako hainbat pertsona ezagunek, #JoAcuso (Salatzen dut) leloa erabiliz, buruzagi independentisten aurkako auzia salatzeko.

2019ko urtarrilaren 19a
13:03
Entzun

"Hemen gaude gauza xume bezain zilegi bat egiteko: demokraziarekiko geure konpromisoa berrestea. Iritsiko baita eguna ezingo dutena gehiago, eta orduan dena dugu posible", esanez hasi dute Omnium Cultural elkarteak egindako bideoa: "Espetxeratu egin dituzte, baina ideiak ezingo dituzte inoiz kartzelan sartu. Ideiak lehengoan ditugu, baita duintasuna ere. Ez dugu indulturik onartuko, absoluzioa bakarrik". #JoAcuso (Salatzen dut) leloa jarri diote aldarriari, Emile Zola idazlearen J'accuse…! artilulu ezaguneko goiburuari aipu eginez. Euskal Herrian ere erabili izan da lelo hori, esaterako, 18/98 auzian.

"Ez gara defendatuko, estatua akusatuko dugu. Ez dugu ahazten, herria gara", esan dute Omnium Culturalen bideoan parte hartu dutenek. Kameren aurrean jarri dira, besteak beste, Xavier Antich, Marina Llansana eta Marcel Mauri Omniumeko kideek, Jaume Asens Bartzelonako hirugarren alkateordeak, PDeCAT, ERC eta CUP alderdietako kideek, Pilar Calvo eta Toni Soler kazetariek, Silvia Bel eta Pep Cruz aktoreek...

Batzuk Madrilen, besteak Katalunian

Abendu amaieran Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuenez, Madrilen epaituko dituzte Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull, Dolors Bassa, Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxell Borras, prozesu subiranistaren harira matxinadagatik edo diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, edo biengatik.

Lluis Guino, Lluis Corominas, Anna Simo, Joan Josep Nuet eta Ramona Barrufet Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide kargugabetuen eta Mireia Boya CUPeko diputatu zenaren auzia, berriz, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren esku dago. Desobedientzia egozten diete azken horiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.