Katalunia

Puigdemontek Mahaia salatuko du Konstituzionalean, boto delegatua erretiratzeagatik

Kataluniako presidente ohiak Estrasburgora jo ahal izateko pauso "tekniko" gisa azaldu du JxCk Espainiako Auzitegi Konstituzionalean salaketa jartzearen erabakia.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia, joan den abenduan, Londresen eskaini zuen hitzaldi batean. WILL OLIVER, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko urtarrilaren 22a
10:45
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean salatu du Kataluniako Parlamentuko Mahaiak berari boto delegatua erretiratzeko hartu zuen erabakia. Diputatu kargua etena zuten ordezkarien boto delegatua haintzat ez hartzea erabaki zuen Mahaiak, ERCren eta PSCren botoekin. Neurriak Puigdemonti, Jordi Turulli, Josep Rulli eta Jordi Sanchezi eragiten zien, eta krisia eragin zuen JxC eta ERCren artean.

Mahaiaren erabakiaren kontrako idatzia aurretik egina zuen salaketa bati gehitu dio Puigdemontek. Lehen salaketa horretan, Espainiako Auzitegi Nagusiko Pablo Llarena epaileak diputatu kargua eteteko hartu zuen erabakiaren kontra egin zuen.

Kataluniako hedabideek JxCko iturriak aipatuz adierazi dutenez, Puigdemonten azken salaketa urrats "tekniko" bat da, presidente ohiak Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo ahal izateko. Estrasburgoko auzitegian galdegin asmo du Kataluniako presidente ohiak boto delegatuaren bidez parlamentuko bozketetan parte hartzeko eskubidea. Iturri berberek argitu dute salaketa ez dela Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearen kontrako neurri bat.

Puigdemontek salaketan argudiatu du mahaiak ez duela berari boto delegatua erretiratzeko eskumenik, eta Kataluniako Parlamentuak baztertu egin zuela Auzitegi Nagusiak agindu zuen diputatu karguaren etena. Beraz, presidente ohiak defendatu du mahaiaren erabakiak bere eskubideak urratu zituela.

Erbestean denetik urriaren 9ra arte, boto delegatu bidez bozkatu du Puigdemontek Kataluniako Parlamentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.