Transexualitatea

Chrysallis EH elkarteak izen, irudi eta izaera berria hartuko ditu

"Lurralde ordezkaritza" izaera gainditu, eta elkarte berri bat izango dira; ehun familia inguru batzen ditu egun

Chrysallis elkarteak iaz Ondarroan bere buruaz beste egin zuen gazte transexuala gogoratzko egin zuen elkarretaratzea. ARITZ LOIOLA, FOKU
arantxa iraola
2019ko urtarrilaren 22a
07:18
Entzun

Larunbatean ezagutaraziko dituzte elkartearen izen eta logo berria, Donostian, Antzoki Zaharrean egingo duten ekitaldi batean. "Bide berriari hasiera emateko festa bat antolatu dugu", jakinarazi dute gaur Bilbon egin duten agerraldi batean. Gogora ekarri dute 2015ean jarri zutela martxan Chrysallis EH; Hego Euskal Herriko zortzi familiak jarri zituzten elkartearen zimenduak, eta egun ehun inguru dira. Transexualitate egoeran dauden seme-alaben gurasoak dira guztiak, eta haien artarako baliabide egokiak eskatu dituzte.

Elkartea handitzeak berak ekarri du, hein batean, horri izaera berri bat emateko gogoa, gaur azaldu dutenez. "Bazkide diren familien kopuru handiak, eguneroko lanaren konplexutasunak eta Euskadi eta Nafarroako berezitasun administratiboek Chrysalliseko lurralde ordezkaritza izaera gainditzera eraman gaitu", adierazi dute. Urteotan elkarte horren barruan ehundu dituzten harremanak lantzen jarraitu nahi dutela esan dute, baina "bide berri bat" hasi nahi dutela.

Urteotan, elkartearen abaroan, trebakuntza eskaini dute transexualitatearen arloan, eta kanpainak ere egin dituzte gaia gizarteratzeko. "Sostengu emozionala" ere izan dira hainbat familiarentzat, eta "aholkulari" jardun dute alorrean aritu behar duten profesionalentzat. "Lau urte hauetan haur eta nerabeen transexualitatearen ulermen eta laguntzan aldaketa historikoa bultzatu dugu, baita beren eskubideen errespetuan ere. Baina lan handia dago oraindik, eta hortik gure trantsitua eta berregituraketa", azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.