Zinema

Sridhar Rangayanek jasoko du Zinegoak-eko ohorezko saria

Indiako zinemagilea, besteak beste, Bombayko zinema jaialdi 'queer'-eko zuzendaria da.

Sridhar Rangayan zuzendari, ekoizle eta ekintzailea. ZINEGOAK, @ZINEGOAK
Miren Garate.
2019ko urtarrilaren 22a
13:00
Entzun

Aurtengo ohorezko saria Sridhar Rangayan (Mandya, Karnataka, India, 1962) zuzendari, ekoizle eta ekintzaileari emango dio Zinegoak-ek. Kashsish izeneko zinema jaialdi queer-eko zuzendaria da Rangayan. Bombayn egiten da, eta hura da Indian sexu aniztasuna lantzen duen jaialdi bakarra. 10 urte beteko ditu aurten, eta mundu mailan erreferentea da dagoeneko.

Solaris ekoiztetxearen sortzaileetako bat ere bada Indiako zinemagilea, Saagar Gupta idazle eta zuzendari artistikoarekin batera. Hain zuzen, LGTB pelikuletan espezializatutako Indiako lehenengo ekoiztetxea da Solaris, eta haren bidez antolatzen dute Kashsish jaialdia ere. Human Rights Festival jaialdia ere antolatzen du ekoiztetxeak, giza eskubideak ikuspegi zabalago batekin lantzeko.

Rangayan Bilbora etorriko da saria jasotzera. Zinegoak-en inaugurazio ekitaldian izango da, otsailaren 18an, Arriaga antzokian. Horrez gain, otsailaren 17an Evening Shadows bere azken lana aurkeztuko du, BBK aretoan, eta sarrera doan izango da. Yours emotionally, 68 pages eta Purple skies dira haren beste filmetako batzuk. “Rangayanek hamarkada bi daramatza giza eskubideak eta sexu aniztasuna lantzen. Haren zinemak gai ezberdinei ateak ireki dizkie, eta zentsuratutako ahotsen istorioak kontatu ditu", nabarmendu du Pau Guillen Zinegoak-eko zuzendariak.

Sari berezia, Apoyo Positivo GKEari

Bi urterik behin, Zinegoak-ek sari berezi bat ere ematen die ezaugarri sozial eta militantea duten eta ikus-entzunezkoak lantzen dituzten norbanako, elkarte eta erakundeei. Aurtengoa Apoyo Positivo (A+) elkartearentzat izango da, 25 urte betetzen baititu.

"Gobernuz kanpoko erakunde horrek aniztasuna bultzatzen du, hiru esparru nagusitan: osasuna, hezkuntza eta eskubideak. Ikus-entzunezko lengoaia gaurkotzea lortu, eta belaunaldi berriekin bat egin du. Hainbat gairen artean, GIBa eta LGTBfobia landu dituzte", nabarmendu dute antolatzaileek.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.