Igerategi suhiltzaile postura itzultzeko eskatu diote 50 lankide inguruk Gipuzkoako aldundiari

Salatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak "bigarren zigor bat" ezarri diola Iñaki Igerategiri, hura espetxetik irten ondoren bere suhiltzaile postuan berriz ez onartzeagatik.

Suhiltzaileen elkarretaratzea, gaur, Donostian, Igerategi bere suhltzaile postura itzuli dadila eskatzeko. GORKA RUBIO, FOKU
2019ko urtarrilaren 22a
13:09
Entzun

Gipuzkoako aldundiaren egoitzaren parean elkarretaratzea egin dute 50 suhiltzaile inguruk, gaur goizean, Donostian. Zigor bikoitzik ez. Iñaki lanera! Aldundira! zioen pankartaren atzean mobilizatu dira. Suhiltzaileek Markel Olano ahaldun nagusiari galdegin diote onartu dezala Igerategik bere aurreko lanpostura itzultzeko eginiko eskaria. Aldundiak uko egin zion Igerategiren eskari horri, eta erabakiarekin foru gobernuak "bigarren zigor bat" ezarri diola salatu dute haren lankideek.

Igerategi 2018ko otsailean irten zen espetxetik, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri zizkion sei urteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa bete ondoren. Espetxea utzitakoan, bere aurreko lanpostura itzultzeko eskaria egin zion aldundiari, baina honek ez zuen onartu.

Erabaki hori "oso larria" dela salatu dute 150 suhiltzaile inguruk, Olanori idatzi dioten gutunean. Nabarmendu dute "aurrekari legalei muzin eginez" hartu duela neurria aldundiak eta Igerategiri "bigarren zigor bat" ezarri diola.

Suhiltzaile taldearen esanetan, Igerategik "eskubide, prestutasun eta gaitasun osoa" du lanera itzultzeko, eta, gaineratu dutenez, aldundiak "pertsonal gabezia handiak" ditu. "Iñakik urteetan erakutsi du bere profesionaltasuna eta herritarren zerbitzurako prestutasun guztia agertu du", adierazi dute idatzian.

Manifestariek salatu dute bilera bat eskatu diotela Olano ahaldun nagusiari, baina hark oraindik ez diela hitzordurik eman. Gaur goizean, Olanorekin biltzeko saiakera egin dute elkarretaratzean bildu diren suhiltzaileek. Ahaldun nagusiak ez ditu hartu, ordea.

Suhiltzaileek ohartarazi dute mobilizatzen jarraituko dutela Igerategi berriro ere bere suhiltzaile postura itzuli arte.

[youtube]https://youtu.be/IBI1eEfNMJM[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.