78ko sanferminak

Martin Villa eta poliziaburuen aurkako kereila aurkeztu du 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak

"Egia, erreparazioa eta justizia" eskatu dute elkarteko kideek, eta instituzio eta norbanakoei kereilan biltzeko deia egin diete.

78ko Sanferminak Gogoan elkarteko kideak kereilaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko urtarrilaren 22a
07:13
Entzun

78ko Sanferminak Gogoan elkarteak kereila aurkeztu du Nafarroako epaitegian 1978ko sanferminetako gertaeren erantzuleen kontra. Bertzeak bertze, Rodolfo Martin Villa orduko Espainiako Barne ministroaren aurka jarri dute kereila, baita erasoa agindu zuten bertze agintari polizialen aurka ere. 1978ko uztailaren 8an, German Rodriguez gaztea hil zen Poliziaren tiro baten ondorioz.  

78ko Sanferminak Gogoan elkarteaz gain bertze bortz norbanakok egin dute bat kereilarekin. Tartean da Fermin Rodriguez Poliziak eraildako German Rodriguezen anaia eta Fermin Ilundain Poliziaren zaurituetako bat. Elkarteko kideek, hala ere, nabarmendu dute jende gehiago kereilara batzea dela helburua, eta norbanako zein instituzioei biltzeko deia egin diete. Adierazi dutenez, Iruñeko Udala kereilara biltzea aztertzen ari da.

Azpimarratu dute gertaerak epaitu zituztenean ez zela justiziarik aplikatu. Lurdes Etxeberria kereila aurkeztu duen abokatuak nabarmendu du orduko gertaerak ez zirela aztertu garai hartako testuinguruan: "Estatuak ez zituen beharrezko frogak  egin, eta lekuko zuzenak ez zituzten epaiketan galdekatu", zehaztu dute. Kasua zigorrik gabe artxibatu zela gogorarazi dute, eta gertaerak izan eta 41 urte geroago oraindik hor jarraitzen duela inpunitateak.

Poliziaren bala batek hildako German Rodriguezen anaia Fermin Rodriguezek hartu du hitza kereila prentsaren aurrean aurkezteko egindako ekitaldian. Rodriguezek salatu du uztailaren 8an gertatutakoa "aurretiaz antolatutako estatu krimena" izan zela. "40 urte igaro dira justiziarik egin gabe. Egia, justizia eta ordaina eskatzen ditugu", nabarmendu du.

Kereila Iruñeko Udalak bultzatutako egiaren batzordeak gomendatuta aurkeztu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.