Lan gatazka

Bilbobuseko langileek ere bertan behera utzi dituzte greba deialdiak

CCOO, UGT eta USO sindikatuek patronalarekin lortutako akordioa babestu dute langileek. Bihar asteazkena hastekoak ziren grebekin, akordioa babestu ez balute.

ARITZ LOIOLA / FOKU

Berria -

2019ko urtarrilak 22

CCOO, UGT eta USO sindikatuek Biobide enpresarekin joan den astean lortutako akordioa berretsi dute Bilbobuseko langileek. 367 lagunek eman dute aldeko botoa, eta 201 agertu dira kontra. Lau langilek boto zuria eman dute, eta bik baliorik gabea. ELA, LAB eta ESK sindikatuen jarreraren aurka erabaki dute langileek.

Akordioaren arabera, mugagabeko kontratu batzuk egingo ditu enpresak datozen urteetan: hamabost aurten, eta beste bi datorren urtean. Ordezkapenak egiten dituzten langileen poltsa Bilboko Udalaren esku geratuko da, bestalde. Era horretan nahi dute poltsa horren kudeaketa hobetzea.

Errelebo kontratuak ezartzen hastea eta pilatutako orduak erabiltzen hastea ere jaso dute akordioan. CCOO sindikatuak azaldu du, bestalde, lanaldi osoak gutxitu egingo direla (199 izango dira), eta hrorek lan karga gehiago eta kontratazio gehiago ekarriko dituela.

ELA sindikatuak ez dio funtsezko aldaketarik sumatu langileek onartutako testuari. Adierazi du akordioaren "eduki ekonomikoak" ez direla nahikoak, eta Bilbobuseko 130 langilek behin-behinekoak izaten jarraituko dutela.

Astelehenean hastekoa zuten greba, baina aurreko astean aurreakordioa eginda, atzeratu egin zuten, eta bihar asteazkena hastekoa zen greba sorta baten lehena. Akordiorik ezean, hilaren 21etik aurrera greba mugagabea egiteko asmoa ere agertua zuten. Abenduaren 20an eta urtarrilaren 12an ere egin zituzten aurreakordioak, baina langileek atzera bota zituzten bi aldi horietan. Orain akordioa eginda, bertan behera gelditu dira Bilbobusen greba deialdiak.

Bizkaibusen ere, Durangaldeko, Arratiako eta Hego Urbieko lineetan, amaitu dira lanuzteetarako deiak. CCOO, UGT eta USO sindikatuek adostutako akordioa onartu zuten astelehenean linea horietako langileek ere. Ezkerraldeko eta Meatzaldeko lineetan ere egin zituzten akordioak, eta Mugialdeko eta Txorierriko lineetan ere bai.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna