Altsasuko auzia

Altsasuko auzia biktimen testigantzan soilik oinarritu dutela salatu du defentsak

Altsasuko auziko epaiari defentsak eta akusazioak jarritako helegiteak aztertuko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Altsasuko gazte zigortuen senideak, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian.
Altsasuko gazte zigortuen senideak, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian. Foku

Berria -

2019ko urtarrilak 23

Iazko epaiketan deklaratzerik izan ez zuten zortzi lagunek deklaratu dute, lekuko gisa: zigortuei leporatzen dieten erasoa minutu gutxiko liskarra izan zela deklaratu dute, eta ez zela aldez aurretik prestatutakoa izan. Lekuko guztiek ukatu egin dute Jon Ander Cob Koxka tabernan ikusi izana liskarrak hasi ziren unean. Haietako bat guardia zibiletako baten bikotekidearen laguna da, eta esan du ez zuela ikusi Julen Goikoetxea inor jotzen edo iraintzen.

Fiskaltzak nabarmendu du Cob Koxkan ikusi ez izanak ez duela esan nahi han egon ez zenik, "Arkangoa taberna [han ikusi zuten Cob] gertu dago eta joan zitekeen batetik bestera inork ikusi ez arren". Hala, garrantzia kendu die lekukotzei eta "auzipetuengandik gertukoak" direla ohartarazi du. Defentsako abokatuek, aldiz, esan dute gaurko lekukotzek frogatzen dutela Cob ez zela Koxkan egon liskarak izan ziren unean, eta beraz, hura absolbitzeko eskatu du. Eva Gimbernat abokatuak salatu du auzi osoa biktimen testigantzan oinarritu dutela, lekukoek esandakoak bazterrean utziaz.

Igandean, elkarretaratzea egin zuten Altsasun, espetxeratutako gazteak aska ditzatela eskatzeko. Altsasuko Gurasoek eta Entzun Altsasu plataformak deitu zuten elkarretaratzera, Justizia, askatasuna. Altsasukoak aske lelopean. Zigortutako gazteen egoera "zuzenbide estatuan sinesten duen edonorentzat lotsagarria" dela salatu dute gurasoek. Besteak beste, auziaren erabilera politikoa salatu dute.

Denera, 79 urtera zigortu zituzten Altsasuko (Nafarroa) zortzi gazte —bi urtera zigortu zuten bat, eta bederatzi eta hamahiru urte arteko kondena jarri zieten gainerakoei— Espainiako Auzitegi Nazionalean.

PSNn eztabaida

Gazteen senide eta lagunek babesa eskatu diete alderdi politikoei. Hortik etorri da PSNn eztabaida piztu duen idatzia. Altsasuko eta Arangurengo hainbat sozialistak, Ezker Sozialista korronteak eta beste 21 pertsonak Auzitegi Nazionalaren epaia kritikatu dute. Bertan salatzen dute "neurrigabekoak" direla zortzi gazteei jarritako 13 urte arteko zigorrak, eta eskatzen dute onar dezatela "gertatutakoarekin bat datorren epai bat".

PSNko kideek gaitzetsi egiten dituzte oharrean 2016ko urrian gertatutakoak, baina, aldi berean, ohartarazi dute gehiegizkoak direla erasotzaileen aurkako zigorrak. Alderdiko zuzendaritzak, ordea, ez du begi onez ikusi idatzia, eta erabaki judizialekiko "errespetua" eskatu die alderdikideei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna