EGURALDIA

Ondarroan pertsona bat itsasora erori da ustez

Uholdeak sortu dira Bilboko itsasadarraren inguruan, euriteek eta itsasgorak bat egin dutenean. Haizeak ere jo du, eta gorabeherak sortu dira zuhaitzak eta bestelakoak erorita. Euskal Herri osoa dago abisupean. Larraintzarren, eskola publikoa hustu dute uholdeen ondorioz.

Erreskate taldeetako kideak, Ondarroan. SOS DEIAK
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urtarrilaren 23a
08:00
Entzun

Erreskate taldeek bertan behera utzi dituzte Ondarroan ustez itsasora erori den pertsonaren bila hasi dituzten lanak. Ertzaintzak Lea- Artibai eta Mutrikuko Hitza-ri jakitera eman dionez, goizean hainbat patruila gerturatu dira portura, eta urpekari taldea gizonaren bila hasi dira. Desagertutakoaren jaka aurkitu dute. "Dei bat jaso dugu gizonezko bat portuko arroketara jaisten ikusi dutela eta ez dutela gehiago ikusi esaten. Inguruak miatzen ari dira. Momentu honetan pertsona hori galdu den edo ez egiaztatzen ari gara, baina ez dugu desagerpen baten jakinarazpenik; urrunetik ikusi dute pertsona hori haitzetara jaisten", adierazi diote Ertzaintzako iturriek Hitza-ri.

SOS Deiak-ek berak jakinarazi duenez, ordea, arratsaldeko 17:00ak inguruan utzi dituzte erreskate lanak bertan behera: "Itsasoak gogor jotzen du!", adierazi dute Twitterren duten kontuan.

Itsas inguruan hainbat dira gaur eguraldiak eragindako gorabeherak. Ondarroakoaz gain, olatu handien eta marea bizien ondorioz, itxita dago Donostiako Pasealeku Berria, baita Miarritzeko eta Hendaiako hondartzak ere.

Alerta, bihar eguerdira arte

Eguraldi makurra iragarria zuten, eta mardul ari du euria. Euskalmetek emandako datuen arabera, 24 orduan ia 70 litro egin ditu metro koadroko, astearte eguerditik asteazken eguerdira; 68 litro pilatu dira, esate baterako, Berastegin (Gipuzkoa) eta Muxikan (Bizkaia).

Ur putzu handiak sortu dira errepide batzuetan. Bilbon, adibidez, Zorrotzaurre inguruan, auto batzuk harrapatuta geratu dira ur artean, euriteek eta itsasgorak bat egin dutenean. Larraintzarren, Nafarroan, eskola publikoa hustu egin dute Ultzama ibaiak gainezka eginen duelakoan.

Euria eta olatuak bakarrik ez, haizea ere badabil, eta arazoak sortu ditu herri askotan. Donostian, adibidez, emakume bat arin zauritu da, aldamio batetik ohol bat erorita. Eroritako zuhaitz batzuek, berriz, zirkulazioari eragin diote; goizean, adibidez, Gipuzkoan, itxita egon da Urnieta eta Lasarte-Oria arteko errepidea.

Elurra, 500 metrora

Elurra mardul egin du mendialdean, 500 bat metrotik gora. Herriguneetan ez da aparteko arazorik sortu elurragatik —Iruñean, adibidez, ez du elurrik egin oraingoz—, eta mendateetan ere ez da gorabehera handirik izan, larrialdi zerbitzuen arabera. Foruzaingoak intzidentzia bakarra aipatu du: bart gauean, Artesiagan, bikote bat autoarekin elurretan harrapatuta geratu zen, ez aurrera, ez atzera, eta larrialdi zerbitzuek joan behar izan zuten. Elurra mardul egin du: Abaurregainan, adibidez, 40 zentimetro zituzten goizean, Aemet Espainiako meteorologia agentziaren arabera.

Eguraldiarekin lotutako alertak areagotu egin dituzte. Eusko Jaurlaritzak ostegun eguerdira arte luzatu du euri jasekin lotutako alerta laranja —goizaldera arte zuten emana—. Iragarpenaren arabera, izan ere, isurialde atlantikoan metro koadroko 80 litro ere egin ditzake. Olatuekin lotutako abisua indartu egin du Jaurlaritzak: abisu horia emana zuen biharko, eta alerta laranjara igo du. Olaturik handienak bihar goizaldean espero dituzte, 06:45 aldera, itsasgorarekin batera.

Pirinio inguruan dute arriskurik handiena; Aemet agentziak alerta gorria emana du Nafarroako Pirinioetan, elur asko ari baitu. Frantziako meteorologia agentziak alerta laranja ezarri du, elur jausiak izan daitezkeelako Pirinioetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.