Memoria

Motibazio politikoko 416 biktima zerrendatu ditu Aranzadik Hernanin

Udaleko alderdi guztiek euren "errespetua, dolumina eta babesa" agertu diete. Txostenean testigantza eman duten hiru biktima omendu dituzte.

Jose Ramon Lasarte EAJko zinegotzi izandakoa eta Jose Morcillo PSE-EEko zinegotzi izandakoa, txostena jasotzen. /
Jose Ramon Lasarte EAJko zinegotzi izandakoa eta Jose Morcillo PSE-EEko zinegotzi izandakoa, txostena jasotzen. / Marisol Ramiez/Foku

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2019ko urtarrilak 23

"Guk ez dugu interpretatzen; guk deskribatu egiten dugu, ezagutu dadin. Ezagutu gabe ezin baita aitortu, eta aitortutakoan bakarrik egongo baitira baldintzak gertatutako hura gainditzeko". Paco Etxeberria Aranzadi elkarteko presidentearen azalpenak dira. Hernanin (Gipuzkoa) egindako euren azken ikerlanaren aurkezpenean emandakoak: Motibazio politikoz urratu diren giza eskubideak eta beste sufrimendu batzuk, Hernanin eta hernaniarrei gertatutak (1960-2018). Udalaren enkarguz egin du Aranzadik; Javier Buces Cabello historialariak.

Eta esanguratsuak dira emaitzak: motibazio politikoko 416 biktima, giza eskubideen 662 urraketa, bizitzarako eskubidea urratutako hamalau lagun —zazpi eskuin muturreko taldeek edo estatuarekin harramana duten talde parapolizialek hildakoak, sei ETAk eta kasu bat argitu gabea—, eta tortura eta tratu txarrekin lotura duten 215 kasu, besteak beste. Javier Bucesek nabarmendutako datu bat ere bai, orain arte gai beraren inguruan egindako antzerako lanek eman ez duten datua baita: 5.000 biztanle baino gehiago dituzten Gipuzkoako 34 udalerrietatik —probintziako handienak, beraz—, Hernanin eta Astigarragan soilik izan ziren eskuin muturreko taldeek, parapolizialek edo poliziek eragindako bizitzarako eskubidearen urraketa gehiago izaera subertsiboko talde armatuek, nagusiki ETAk, eragindakoak baino.

Dena dela, Bucesek argi utzi du ikerlaneko zerrendatzea jasandako giza eskubideen urraketa ezberdinen arabera dagoela eginda, "ez egiletzaren arabera". Onartu du "gogorra" izan dela lana, "sufrimenduz betea". Iazko apirilean hasi ziren, eta orain arte egindakoarekin "fase bat" amaitzen dela nabarmendu du, baina ezer itxitzat eman gabe. "Badakigu jendea falta dela, eta itxarongo dugu".

Hernaniko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek babestu dute ikerlana (EH Bildu, EAJ, Orain Hernani eta PSE-EE), eta denak izan dira aurkezpenean Luis Intxauspe alkatearen alboan. Hark azaldu du, 2015eko azaroan, Oroimenaren Egunean, Ave Maria parkean Memoriaren Harria jarri zutenean "mugarri" bat ezarri zutela, eta orduan adostu zutela Hernaniko historia azaleratu beharra, historia ez zegoelako "osorik" jasota: "Batzuetan besteek isildua izan delako, bestetan, historiaren zati bat bakarrik ikusi nahi izan dugulako". Eta horregatik eman diote enkargua Aranzadiri. "Badakigu hemen ez daudela guztiak, seguruenik biktima gehiago daude eta egia osatzen jarraituko dugu".

Udaleko ordezkari denen izenean, biktima guzti horiei euren "errespetua, dolumina eta babesa" adierazi die Intxauspek. "Egia hemen daukagu", esan du txostena eskuetan duela: "Honek, erreparazioa lantzeko bidea ematen digu".

Aitortzarako ere balio izan du aurkezpen ekitaldiak. Txostenean testigantza eman duten hiru lagun izan dira han: Juanjo Uria (ezker abertzaleko alkate izandakoa 1979tik 1983ra), Jose Ramon Lasarte (EAJko zinegotzi izandakoa 1991tik 2003ra) eta Jose Morcillo (PSE-EEko zinegotzi izandakoa 1979tik 2007ra). Haien "ekarpena" eskertu zuten nola udalak hala ikerlariek.