Venezuela

Oposizioko buruak Venezuelako presidentetzat jo du bere burua

Trumpek herrialdeko agintari legitimotzat jo du Guaido. Amerikako gobernu askoren aitortza jaso du, baina Mexikok, Boliviak eta Errusiak Maduro aitortu dute presidente gisa. AEBekin harreman diplomatikoak hautsi ditu Venezuelak, eta oposizioari estatu kolpea ematea leporatu dio. Nazio Batuen Erakundeak "tentsioa" baretzeko eta negoziazioei heltzeko eskatu die aldeei.

Juan Guaido, gaur, bere burua Venezuelako presidentetzat jo duen ekitaldian. /
Juan Guaido, gaur, bere burua Venezuelako presidentetzat jo duen ekitaldian. / M. Gutierrez/EFE

Berria -

2019ko urtarrilak 23

Tentsioa gora doa Venezuelan. Gaur Juan Guaido Asanblea Nazionaleko presidenteak —herrialdeko Auzitegi Gorenak baliogabetua eta oposizioko indarren esku dagoena— herrialdeko exekutiboko presidentearen eskumenak bere gain hartu dituela zin egin du herritarren aurrean.

Guaidok pausoa eman du Nicolas Maduro presidentearen aurka egiteko, haren ustez ez baita agintari legitimoa, eta presidententza "lapurtu" egin baitu. Oposizioko indarrek antolatutako protesta egunaren barruan egin ditu adierazpenok Guaidok: "Gaur, 2019ko urtarrilaren 23an, Asanblea Nazionaleko presidente gisa, Konstituzioaren artikuluak aintzat hartuz, jainko ahalguztidunaren eta Venezuelaren aurrean, zin egiten dut formalki nire gain hartzen ditudala exekutibo nazionaleko eskumenak".

Iragarpenak berehalako erantzuna izan du Etxe Zuritik: Donald Trumpek babesa agertu dio Maduroren oposizioaren buruari, eta esan du Asanblea Nazionaleko edozein kideren kontrako ekintza bortxazkoei erantzun egingo dietela AEBek. "Aukera guztiak" mahaiaren gainean dituela esan du Trumpen exekutiboak, ahal duen presio ekonomiko eta diplomatiko guztia egingo duela zehaztuz.

Latinoamerikako beste gobernu batzuek ere berehala erantzun diote iragarpenari. Davosko goi bileran daude horietako asko, Suitzan, eta handik jakinarazi dute Guaido presidente gisa aitortzen dutela. Kanada, Brasil, Kolonbia, Peru, Ekuador, Guatemala, Paraguai, Txile, Argentina eta Costa Rica daude zerrenda horretan. Mexikoko, Boliviako eta Errusiako gobernuek, aldiz, Maduroren aldeko jarrera agertu dute.

AEBekin harreman diplomatikoak hausten

Venezuelako Gobernuak erantzun dio Trumpi: "AEBetako gobernu inperialistarekin" harreman diplomatikoak hautsi dituela iragarri du Madurok. Enbaxadako langileei 72 orduko epea jarri die, herrialdetik alde egiteko. Guaidoren ondoren, Mirafloresko jauregiko balkoi batera aterata eman du hitzaldia Madurok.

Asanblea Nazionaleko buruarekin zer egin behar den "justiziak" erabaki behar duela adierazi du Madurok. "Hau ja Justiziaren gai bat da, Estatua, ordena demokratikoa eta Venezuelako legeak zaintzeko". Guiadok bere burua presidente izendatzeko ahalmena ere zalantzan jarri du: "Edonor batek bere burua auto-zin-egin dezake?

Nazio Batuen Erakundeak tentsioa jaisteko eskatu die aldeei, eta elkarrizketa politikoen bideari ekiteko esan die: "Tentsio gorakada bat gerta ez dadin ahalegina egin dezatela eskatzen diegu". Baina tentsioak gora besterik ez du egin azkeneko orduetan.

Venezuelako Fiskaltzak Auzitegi Goreneko Konstituzio Salari galdegin dio "berehalako neurriak" har ditzala oposizioak kontrolatzen duen parlamentuaren "jarrera deliktiboaren" aurrean. Atzo Asanblea Nazionalak exekutiboaren eskumenak hartu zituen bere gain, ez baitu Maduroren agintea onartzen.

Europako Batasunak ez du jarrera ofizialik hartu ordu honetan. Venezuelan gertatzen ari dena gertutik jarraitzen eta estatu kideekin aztertzen ari direla aipatu diete berri agentziei. Hitz egin duen bakarra Donald Tusk izan da, Europako Kontseiluko presidentea: "Maduro ez bezala, Asanblea Nazionalak, baita Juan Guaidok ere, Venezuelako herritarren agindu bat du". Agindu horrekin bat egin, eta "Europa osoa" Venezuelako "indar demokratikoen" alde batuko den esperantza agertu du.

Aste osoko tentsioa

Guaidoren erabakia ondo prestatua eta pentsatua etorri da. Aurreko egunetan ere mugimendu eta tentsio handiak izan dira Venezuela. Asanblea Nazionalak botere exekutiboko ahalmen batzuk bere gain hartu ditu aste honetan, eta horren urrats logikoa izan da Guaidok gaur bere burua presidente izendatzea.

Maduroren exekutiboak, berriz, 27 militar atxilotu zituen astelehenean. Gobernuaren kontrako estatu kolpe bat prestatzen aritzea egotzi zien. Guaido, hain justu, militarrei zuzendu zaie azkeneko egunetan, babesa eskatzeko. Duela aste pare bat atxilotu ere egin zuten Guaido, bilera batera zihoala. Ordu batzuen buruan utzi zuten libre.

Madurok joan den maiatzeko hauteskundeak irabazi zituen, baina urtarrilaren 10 arte ez du presidente kargua zin egin. Oposizioak ez zuen parte hartu hauteskunde haietan, eta "iruzur bat" izan zirela salatu zuen, eta ez dute onartu Maduroren garaipena. Guaidok, azkeneko egunetan, adierazi du "usurpatzaileak" —horrela zuzentzen zaio Madurori— kargua utzi beharko lukeela, eta bestela iritsiko zela urratsak egiteko momentua.