Ibai ugarik gainezka egin dute goizean Hego Euskal Herrian

Eguerdira arte egon da indarrean alerta laranja. Tarte horretan Bizkaian eta Gipuzkoan metro koadroko 80 litro inguru pilatzea espero dute.

Arga ibaia irten egin da Iruñea. /
Arga ibaia irten egin da Iruñea. / Iruñeko Udaltzaingoa

Arantxa Elizegi Egilegor -

2019ko urtarrilak 24

Lehendik beteak zetozen ibaiek gainezka egin dute azken orduetako euriteen ondorioz. Besteak beste, Arga atera egin da Iruñean, Landaben inguruan. Nafarroan halaber, baina Uharte-Arakilen eta Arbizun, Arakil ibaiak ere gainezka gin du. Igantzi eta Etxalar inguruan, berriz, Bidasoa ibaia da gainezka egiteko arriskuan dena.

Horretaz gain, elurrak ere arazoak eragin ditu Nafarroan. NA-150 errepidean, Ibiriku parean, autobus bat errepidetik irten da elurraren eraginez. Suhiltzaileek zehaztu dutenez, hiru pertsona zauritu dira. Pirinioetan, berriz, argindarrik gabe egon dira hainbat orduz Izaban, Urzainkin eta Uztarrozen.

Bizkaian ere izan dute arazorik Nerbioi ibaiarekin, Bilbon. Urak Zorrotzaurre inguruetan irten dira, eta Udaltzaingoak itxi egin behar izan du ingurua. Kexu dira bizilagunak; izan ere, Bilboko Udalak bultzatutako Zorrotzaurreko Plan Bereziak uholdeak eragoztea zuen helburu, eta oraingoz ez du lortu. Dena den, udalak aurreratu du lanak bukatzeke dituztela, eta horiek amaitutakoan zailago izango dela halakorik berriz gertatzea.

 

Araban, Zadorra eta Baias ibaiak izan dira arazoak eragin dituztenak. Baias Kuartango parean irten da, eta Zadorrak ere gainezka egin du hainbat lekutan. Gipuzkoan, berriz, Oria izan da gainezka egin dutenetako bat.

 

 

Eguerdira arte izango da indarrean alerta laranja, euriagatik Bizkaian eta Gipuzkoan eta elurragatik Nafarroan. Arratsaldean, eta 21:00ak arte, koska bat jaitsiko dute alerta maila. Metro koadroko 40 litro espero dituzte egunaren bigarren tarte horretan.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna