Venezuela

Guaidok mobilizatzera deitu ditu herritarrak

Manifestazio handi bat iragarridu datorren asterako, eta herri batzordeak osatzeko eskatu du. "Kubatarrak Venezuelako armadaren aginte postuetatik" kendu behar direla ere esan du.

Juan Guaido, gaur egin duen agerraldian. /
Juan Guaido, gaur egin duen agerraldian. / Miguel Gutierrez/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2019ko urtarrilak 25

Juan Guaido bere burua Venezuelako presidente aldarrikatu duenak mobilizaziora deitu ditu herritarrak datozen egunetarako. Manifestazio "handi" bat iragarri du datorren asterako. Hura prestatzeko, asteburu honetan, herriz-herri batzordeak osatzera animatu ditu herritarrak.

Horrez gain, Venezuelako Armadari buruz mintzatu da, hark Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari babesa agertu eta ordu gutxira. Guaidoren esanetan, "garaia da kubatarrak Venezuelako armadaren aginte postuetatik kentzeko". "Anaia kubatarra, ongi etorria zara gure herrialdean, baina erabakitze karguetatik kanpo", adierazi du.

Bestalde, Alemaniako eta Espainiako gobernuek hauteskunde "aske eta justuak" antolatzeko eskatu diote Madurori. Prest agertu dira Guaido presidente gisa onartzeko, Madurok bozetara deitzen ez badu.

Madurori epemuga jar diezaiola eskatu dio Espainiak EBri, Venezuelako agintariak bozetara deitu dezan. Epe horrek "laburra" izan behar duela zehaztu du Josep Borrel Espainiako Atzerri ministroak, egoera "jasanezina" delako. "Hauteskundeetara deitu nahi ez badu edo berme nahikorik eskaintzen ez badu, lan hori presidente gisa onartuko genukeen beste pertsona bati enkargatu beharko diogu".

Alemaniako gobernuko bozeramaile Steffen Seiberten esanetan, Maduro "ezin da izan Venezuelako presidente legitimoa", presidentetzarako azken hauteskundeek ez zituztelako bete "estandar demokratikoak". "Venezuelak hauteskunde aske eta justuak behar ditu orain. [Alemaniako] Gobernua Juan Guaido presidente aitortzearen aldekoa da, hauteskunde aske eta justuak berehala antolatzen ez badira", adierazi du.

Alemaniak eta Espainiak adierazitakoa urrats bat harago doa EB Europako Batasunak hartutako jarrera baino. EBk ez du onartu Guaidoren presidentetza, eta ez du aipatu hala egiteko aukera. Hori bai, Federica Mogherini Bruselako diplomaziaburuak "erabateko babesa" eman zion Asanblea Nazionalari, "legitimoki aukeratua" izan zelakoan. EBk hauteskundeak galdegin ditu, Guaido presidente legitimo gisa aitortzeko aukera aipatu gabe.

Venezuelako presidenteak AEBak egin zituen oposizioaren "estatu kolpearen" erantzule, eta ohartarazi zien 72 ordu zituztela euren diplomazialariak herrialdetik ateratzeko; iragarri zuen hala egin ezean ez zutela inolako "abantailarik" izango. Washingtonek, hasieran, entzungor egin zion abisuari, baina azken orduetan aintzat hartu dute oharra.

Madurok eskatutakoa bete eta diplomazialariak ateratzeaz gain, bertan bizi edo bisitan dauden estatubatuarrei handik ateratzeko aholkatu diete, "hegaldi komertzialak dauden bitartean". Bertan geratzea erabakitzen dutenei, berriz, etxean geratzeko eskatu diete, eta pila ditzatela beharrezko elikagai eta botikak. Caracasen duen enbaxada itxiko duenik esan ez duen arren,  ohartarazi du "larrialdi zerbitzuak eskaintzeko haren ahalmena mugatua" izango dela.

Guaidok presidente aldarrikatu zuen bere burua, asteazkenean. Madurok estatu kolpetzat jo zuen haren adierazpena. Venezuelako armadako agintariek babesa adierazi diote Madurori. AEBak izan dira Guaido presidente onartu duen lehen herrialdea. Haren atzetik, jarrera berari jarraitu diote Kanada, Argentina, Brasil, Kolonbia, Guatemala, Txile, Peru eta Ekuadorko gobernuek. Aldiz, Maduro babestu dute Mexikok, Boliviak eta Errusiak. Nazio Batuen Erakundeak tentsioa baretzeko eta negoziazioei heltzeko eskatu die aldeei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna