indarkeria matxista

Florentina Jimenez eta Maria Jose Bejarano

Gasteiz, 2018ko apirilaren 20a.

2018ko apirilaren 20a
05:00
Entzun

Hilabeteak ziren Maria Jose Bejarano eta Javier Rubia bereizi zirela. Bikotea Gasteizen bizi zen, eta bi ume zeuzkan, 9 eta 11 urtekoak. Bejarano gelditu zen Gasteizko pisuan, eta gizona gurasoen etxera joan zen bizitzera, Arrasatera (Gipuzkoa).

Gizonak ez zion barkatu bereizketa emakumeari. Ostiral batez, 2018ko apirilaren 20an, goizean goiz joan zen Arrasatetik Gasteizera, eta emakumearen etxera igo zen. Umeak eskolan zeuden. Bejarano eta haren ama, Florentina Jimenez, zeuden etxean, Lakua-Arriaga auzoko Julian de Arrese kalean. Labana bat eskuan, gizonak hil egin zituen bi emakumeak.

Bizilagunek aditu zituzten bi emakumeen oihuak, eta larrialdietara abisatu zuten. Udaltzainak iritsi zirenean, Maria Jose Bejaranoren gorpua aurkitu zuten igogailuan, beheko solairuan.; poliziek aurkitu eta gutxira hil zen. Florentina Jimenenez gorpua, berriz, zazpigarren estaian aurkitu zuten; hilzorian zegoen. 

Bejaranok zortzigarren pisuan zuen etxebizitza, eta ikertzaileek ondorioztatu zuten gizona etxeko korridorean hasi zitzaiela emakumeei labanka, baina bi emakumeak ihes egiten saiatu zirela, eta gizonak atzetik jarraitu zituela. Emazte ohia hil zuen aurrena, eta haren amari atzetik jarraitu eskaileretan behera, eta han utzi zuen hilzorian; ospitalean zendu zen. Espainiarra zen Florentina Jimenez sortzez, eta 69 urte zituen. Bejaranok, berriz, 43.

Ondoren, emazte ohiaren etxean sartu zen gizona, itxi, eta su eman zion pisuari. Bere burua leihotik behera bota zuen azkenean. Ordurako suhiltzaileek koltxoneta bat jarria zuten kanpoan, eta haren gainera erori zen gizona. Zaurituta eraman zuten erietxera, eta handik egun batzuetara espetxeratzeko agindu zuen epaileak.

2022ko martxoan epaitu zuten Javier Rubia, Arabako Lurralde Auzitegian. 47 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Epaiketan argitu zuten emazte ohiari 33 labankada eman zizkiola, eta amaginarreba ohiari, 38 labankada. Lekuko ugarik, baita defentsak deitutako emakume batek ere, azaldu zuten gizonak akosatu egiten zuela emazte ohia, kontrolatu egiten zuen etengabe, deiak egiten zizkion edozein ordutan, eta umeen pentsioa ordaintzeko arazoak jartzen zizkion.

Epaian aintzat hartu zuten generoak eragindako hilketa bat izatea larrigarri gisa, eta Clara Campoamor elkarteak —akusazio partikular gisa aurkeztu zen— «historikotzat» jo zuen amaginarrebaren kasuan ere larrigarri hori aintzat hartzea, epaitegiek normalean ez baitute aintzat hartu izan larrigarri hori bikotekideaz aparteko biktimentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.