indarkeria matxista

Roxane (32 urte)

2018ko apirilaren 28a
13:13
Entzun

Hilketa matxisten datu basea

Roxaneren hilotza Donibane Garaziko turismo bulegoaren parean aurkitu zuten. 2018ko apirilak 28 zituen; larunbat goizaldeko lauak eta berrogei ziren. Bikotekide ohiak autoarekin harrapatu zuen emakumea, eta bertan utzi zuen hiltzen. Suhiltzaileak lekura iritsi zirenerako, hila zen.

Gizona lekuan bertan zegoen sorospen zerbitzuak iritsi zirenean. Autoa handik ehun bat metrora aparkatu zuen, eta larrialdi zerbitzuetako langileen ondoan egon zen haien emakumea artatzen aritu ziren bitartean, baina ez zuen esan berak harrapatu zuenik emakumea.

Poliziak eremua itxi zuenean aitortu zuen berak kolpatu zuela emakumea autoarekin, baina adierazi zuen istripu bat izan zela. Kolpearen aztarnak zituen gizonaren ibilgailuak. Alkoholaren froga egin zioten gizonari, eta positibo eman zuen: aire litro baterako 0,46 miligramo alkohol neurtu zizkioten. Atxilotuta eraman zuten poliziek.

Emakumea brasildarra zen sortzez. Bazituen bi ume, aurreko bikote batekoak, 9 eta 13 urtekoak. Lau urte lehenago, 2014an, hasi zuen harremana hil zuen gizonarekin. Bikoteak ume bat eduki zuen laster, 2015ean. Umeak 3 urte zituen ama galdu zuenean.

Bikotea bereizi egin zen gerora, eta urte eta erdi zen emakumea Ortzaizen bizi zela, Nafarroa Beherean. Izan ere, 2017ko ekainean emakumeak salaketa bat jarri zion gizonari; jo egin zuela salatu zuen. Hala ere, bikoteak harremana berregin zuen, edo behintzat tarteka elkar ikusten jarraitzen zuen, hala ere. Girondakoa (Okzitania) zen gizona, eta 25 urte zituen Roxane hil zuenean.

Iturri batzuen arabera, apirilaren 27ko gaua eta hurrengo goizaldea elkarrekin pasatu zuten emakumeak eta gizonak, baina halako batean eztabaidan hasi ziren, eta bakoitza bere aldetik joan zen. Ondoren, gizonak autoarekin jo zuen emakumea, eta bertan hil. Hortik aurrerakoak, epaiketan argitzeko gelditu dira.

Lehen ikerketak bururatua, prokuradoreak gizonari leporatu zion Ā«arma bidez [autoa norbait hiltzeko erabiltzea kontsideratzen baita arma bat erabiltzearen pareko], nahi gabe, baina heriotza eragin duen nahitako bortizkeriazĀ» jardutea. Gizonak ukatu egiten du nahita harrapatu zuenik emakumea; istripua izan zela esaten jarraitzen du. 2019ko urtarrilean espetxean jarraitzen zuen gizonak, behin-behineko espetxealdian, epaiketa egin artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.