indarkeria matxista

Sophia Losche (28 urte)

2018ko ekainaren 14a
13:17
Entzun

Hilketa matxisten datu basea

2018ko ekainaren 14koa da Sophia Loscheren azken bizi arrastoa. Leipzigeko (Alemania) zerbitzugune batean kamioi batera igo zen, eta familiari mezu bat igorri zion eskuko telefonotik, 18:00ak aldean. Leipzigeko Unibertsitatean ikasten zuen emakume gazteak, eta familiaren etxera zihoan. Baina ez zen agertu.

Familiak salatu zuen gaztea desagertu egin zela, eta nazioarteko bilaketa bat hasi zen orduan. Jakin zen autostop eginez igo zela Losche kamioi batera, eta ibilgailu hori bilatzen hasi ziren poliziak. Nazioarteko bilatze agindu bat ere eman zuten.

Identifikatu zuten kamioia, eta bost egun geroago atzeman zuten haren gidaria, Jaenen (Espainia). Boujemaa L. zuen izena, eta 41 urte zituen. Emakumea hiltzea eta haren gorpua botatzea egotzi zioten. Frantzia, Euskal Herria eta Espainia gehiena zeharkatu zituen gizonak, Marokora bidean, bost egun horietan. Ekainak 19 zituen.

Sophia Loscheren gorpua bi egun geroago aurkitu zuten, ekainaren 21ean. Astebete zen desagertu zela. Araban aurkitu zuten, Asparrenako gasolindegi baten inguruan. Ertzainek atzeman zuten gorpua, eta azaldu zuten usteltzen hasia zegoela eta gizona hilotza erretzen saiatu zela. Gasteizen egin zioten autopsia gorpuari.

Nazioarteko kasu bat izanik, Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu zituen dilijentziak bere gain. Alemaniak eskatu zuen hiltzailea estraditatzeko. Ikerketaren eta epaiketaren mende gelditu zen ekainaren 14 hartatik aurrera zehazki zer gertatu zen argitzea.

Sophia Loschek 28 urte zituen, eta iheslarien aldeko ekintzaile gisa ezaguna zen. Gobernuz kanpoko erakunde batekin Lesbosen izana zen, eta SPD Alemaniako alderdi sozialdemokratako unibertsitateko gazte taldeko presidente izana zen. Loscheren familiak eskatu zuen emakumearen hilketa ez erabiltzeko xede arrazistentzat. «Eskuin muturreko jendearen heriotza mehatxuak jasotzen ari gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.