Literatura

'Ipuina.eus' atari digitala aurkeztu dute

Koldo Izagirreren ekimenez sortu da proiektua; hark egin du ipuinen bilketa eta gaurkotze lana. Susa argitaletxearen bultzadarekin jarri dute martxan webgunea.

Koldo Izagirre eta Mikel Elorza, gaur goizean, Donostiako Kaxida liburu dendan. GORKA RUBIO / FOKU
itziar ugarte irizar
2019ko urtarrilaren 25a
20:03
Entzun

Hogeita bat ipuinekin abiatu da Ipuina.eus, baina ezarian-ezarian elikatzen joatea da asmoa; bizpahiru ale gehituz hilero. Hiru atal nagusi ditu: ipuinak, autoreak eta kronologia. Baina ipuinak biltzea eta nolabait testuinguru batean kokatzea du xede, eta, beraz, hori izango da webgunearen parte zentrala: ipuinena.

Gaur goizean aurkeztu dute ataria, Donostiako Kaxilda liburutegian, eta Izagirrek argitu du proiektuaren helburua ez dela antologia bat osatzea, ezta sailkapen bat egitea ere. Badu, ordea, erdi-ezkutuan gelditu diren zenbait testu jaso eta eskura jartzeko intentzioa. XIX. eta XX. mendeko ipuinak dira sarean bildu dituztenak: lehen kolpean igotakoetatik, Bizenta Mogelen Otsoa ta bildotsa da zaharrena, 1804koa; eta Inazio Mujika Iraolaren Itoak ur azalera bezala ipuina berriena, 1993koa.

Egun "nobelaren diktadura" nagusi dela aipatu du Izagirrek, eta, ildo horretan, genero bezala ipuina aldarrikatzeko nahi bat ere baduela proiektuak. Hala azaldu du idazleak webgunerako ondutako testuan: "Narrazio laburra gure literaturaren zati garrantzitsua da, baina ez mereziko lukeen bezain hedatua irakurleen artean. Ihes egiten die definizio akademikoei, hibrido bat dugu, batetik bestera dabil sartu-irten fabulan, kronikan, artikuluan, gutunean edo oroitzapenean. Ipuina.eus honetan edertasun horren izpi batzuk eskaini nahi ditugu, apurka bada ere ikuspegi orokor eta osatu samar bat hartu ahal izan dezagun gure genero bihurri honetaz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.