Ibon RG musikariak bakarkako lehen lana kaleratu du: 'Hil zara'

Hamasei abesti biltzen dituen binilo bikoitza ondu du: a cappella grabatutako Hil zara I; eta, piano eta ahotsez osatutako Hil zara II. Zortzi abesti ditu bakoitzak.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko urtarrilaren 25a
15:55
Entzun

Melodia eta egitura: horiexek dira Ibon Rodriguez musikariaren oinarriak. “Nire kantuan doinua da ezinbestekoa, ez hitzak. Asko kostatzen zait letrak egitea: sufrimendua eta dibertimendua da, era berean, baina azken urratsa beti”. Zergatia azaldu du jarraian. “Nire helburua da hitzek soinuari enbarazurik ez egitea. Zaila da, hitz bakar batek arreta guztia desbideratu dezakeelako. Baina horrekin jolastu eta disfrutatu dut”. Musika esperimentalean aspaldi murgildutakoa da Ibon Rodriguez (Sestao, 1978), eta hainbat egitasmoren parte ere bada gaur egun: Eten taldeko kidea da, eta Gargara bikotea osatzen du Miguel A. Garciarekin. Bakarkako lehena ondu du orain, baina: Hil zara lan bikoitza. Gaur egin du aurkezpena, Bilboko Xake espazioan, eta 20:00etan emanaldia eskainiko du bertan.

[vimeo]https://vimeo.com/307995439[/vimeo]

2017an sortu zituen orain diskoan bildutako doinuak. “A cappella abesteko sortutakoak dira. Ez nekien formatu hau hartuko zutenik, bidean aurrera egin ahala hartu baitute forma”. Sorkuntza prozesuan izan dituen bi mugarri aipatu ditu musikariak: Daniel Ardura musikari katalanak berarekin bira egiteko egin zion eskaintza, batetik; eta, Koldo Izagirre idazlearen Baldintza subjektiboak olerkiari melodia jartzeko lana, bestetik. Ordura arte landuta zituen abestiak bildu eta erakusteko aukera eman zion Arduraren proposamenak. “Pilatutako abestiak borobiltzeko aukera ona zela iruditu zitzaidan”. 2017ko maiatzean egin zuten musika bira.

Azaldu duenez, Izagirreren poemarekin ondutako kantuak eraman zuen pianoaren aurrera. “Pianoa sartu nion, eta gerora ezin izan nion kendu. Horrek eraman ninduen beste kantu batzuei ere pianoa sartzera”. Galga jarri zion pianoari, ordea. “Abesti batzuei ez nien aukera hori eman nahi izan, a cappella abestu nahi nituelako”.

Behin kantuak sortuta, diskoan nola grabatu: horra hurrengo urratsa. “Atzera eragiten zidan egindako kantuak estudio batean grabatzeak, inolako efekturik gabe. Bestelako sonoritate bat nahi nuen”. Toki berezietara jo du musikariak: Errenteriako (Gipuzkoa) Aitzbitarte IV leizean eta Getxo eta Galdakaoko bunker banatan grabatu ditu ahots hutsezko doinuak. Piano eta ahotsezko zortzi abestiak, aldiz, Eibarko Musika Eskolan grabatu ditu. Txesus Garate Tzesne arduratu da diskoaren grabazioaz eta ekoizpenaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.