Argia sariak

BERRIAk hilketa matxistei buruz eginiko mapak Argia saria jaso du

2003tik indarkeria matxistaren ondorioz hildakoen datuak biltzen ditu webgune berezi horrek. Sareko saria eskuratu du. Maite Asensio Gizartea saileko kazetariak eta Pello Urzelai IKT arduradunak jaso dute saria, Usurbilen (Gipuzkoa) izan den ekitaldian. Argia sariak 30. urtez banatu dituzte, Argia-ren mendeurrenean.

Saritu guztiak, ekitaldiaren amaieran. /
Saritu guztiak, ekitaldiaren amaieran. / Argia/@argia

Berria -

2019ko urtarrilak 25

Indarkeria matxistaren ondorioz 98 andre eta 11 ume hil dituzte 2003tik 2018ra. Urteko hilketen datuak ohikoak zaizkigu, baina kontagailua urte hasiera bakoitzean hutsean jartzeak zaildu egiten du metatuz doazen hilketa matxisten kopuruaz jabetzen. Horregatik, urteekin gero eta dimentsio handiagoa duen arazoa dela islatzeko, eta gatazka horren larria osorik erakusteko, webgune berezia jarri zuen martxan BERRIAk, iazko azaroaren 23an, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna baino bi egun lehenago.

Hilketen datuak mapa batean daude ikusgai, eta kasu bakoitzaren xehetasunak azaltzen dira hildako emakume eta ume bakoitzaren fitxan, mapako puntu bakoitzean klik eginda. Kontsultak ere egin daitezke, urtearen, lurraldearen edota adinaren arabera iragazkiak jarriz. Maite Mutuberria ilustratzaileak sortu dio azaleko irudia webguneari. Emakunderen babesa jaso du proiektuak, eta etorkizunean zabaltzeko eta indarkeria matxistari buruzko ikuspegi osoago bat emateko anbizioz sortu da. Webguneak 2003an du muga. Urte horretan sortu zen BERRIA, eta instituzioak ere garaitsu horretan hasi ziren feminizidioen datu ofizialak biltzen.

Argia sariak banatzeko ekitaldiaren berri ematen ari da Arantxa Iraola BERRIAko kazetaria:

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna