Garraio publikoa

Renfe apirilaren 1ean batuko da Mugi txartelera

Aldirietako zerbitzuak gehituko dira garraio publikorako txartelak eskaintzen dituen tarifa eta deskontuetara.

Renferen aldirietako tren bat, Donostiako geltokian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko urtarrilaren 25a
09:49
Entzun

Data zehatza du Renfe Mugi txartelera batuko den egunak: apirilaren 1a. Egun horretatik aurrera, garraio publikorako txartelak eskaintzen dituen tarifa eta deskontu politika bera ezarriko du Renfek aldiriko trenen zerbitzuan. Iazko maiatzean iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Renfe ere Mugi txartelaren eskaintzara gehituko zela, baina ez zuen zehaztu noiz gauzatuko zen neurria. Apiriletik aurrera, hainbat abantaila izango dituzte Renferen ohiko erabiltzaileek, Mugi txartelaren bidez.

Marisol Garmendia Gipuzkoako Mugikortasun diputatuaren esanetan, "garraio publiko mota guztiak tarifa sistema bakarrean uztartuko dituen lehen euskal lurraldea" izango da Gipuzkoa.

Orain arte, bidaiak ordaintzeko bitarteko gisa erabili zitekeen soilik Mugi txartela Renferen zerbitzuetan. Baina, apiriletik aurrera, Mugi txartelaren erabiltzaileek deskontu abantailak jasoko dituzte egiten dituzten bidaia kopuruaren arabera. Hilabetean 20 bidaia baino gutxiago egiten dutenek %47ko deskontua izango dute erabilera bakarreko txartelaren aldean; 20 eta 50 bidaia artean egiten dituztenek, %57ko deskontua, eta 51 bidaia baino gehiago egiten dituztenek, %90eko deskontua.

Horrez gain, zenbait taldek hobariak izango dituzte. Horien artean, 25 urte baino gutxiagoko gazteek, 65 urtetik gorakoek, langabetuek eta kide ugariko familiek.

Mugi txartelera gehituta, Renfek gainontzeko garraio publikoen tarifa taula bera ezarriko du eta eremuak bereizteko sistema berean oinarrituko dira bidaien prezioak.

Urtean, sei milioi bidaia egiten dituzte Renferen aldirietako erabiltzaileek, guztira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.