Euskal presoak

Oier Gomez preso ohia hil egin da, gaixotasun luze baten ondorioz

2017ko apirilean, ETAren armagabetzearen ostean, preso gasteiztarra aske uztea erabaki zuten Frantziako epaitegiek.

Gomezen aldeko elkarretaratze bat, Gasteizen. /
Gomezen aldeko elkarretaratze bat, Gasteizen. / Oiertxo SOS

Arantxa Elizegi Egilegor -

2019ko urtarrilak 26

Baionako erietxean hil da Oier Gomez euskal preso ohia. Joan den astean eraman zuten erietxera haren osasun egoerak okerrera egin ostean, medikuek ordurako ohartarazia zuten haren egoerak ez zuela hobera egingo. Goizaldean hil da 35 urteko gasteiztarra.

2017ko urtarrilean diagnostikatu zioten Gomezi Ewingen sarkoma, eta buruan eta aldakan metastasia aurkitu zioten. Ondorioz, urte hartako apirilaren 25ean zigorra etetea onartu zuen Frantziako Dei Auzitegiak, argudiatuta gaitz larria zuela eta ETAk armak uztea erabaki ostean ez zegoela delitua berriz egiteko "arrisku larririk".

Aurrez ere eskatua zuten hura aske uzteko; izan ere, Hodgkinen linfoma aurkitu zioten 2012an, eta kimioterapia jaso behar izan zuen. Kasu hartan, ordea, fiskaltzak ez zuen onartu defentsako abokatuen eskaera, iaz haren gaitza "sendaezina" zela ebatzi zuten arte.

Jaiki Hadi mediku elkartearen arabera, gaur egun gaitz larri eta sendaezinak dituzten 21 preso daude. Hain justu, Jaiki Hadi elkarteak adierazi du Gomezena ez dela "kasu bakarra presondegitik eri larri eta sendaezinagatik kanporatu ondoren zendu egin dena" eta gogora ekarri ditu Juan Mari Maizkurrena, Belen Gonzalez, Josu Uribetxebarria, Mikel Ibañez eta Angel Figeroaren heriotzak. Era berean, azpimarratu dute gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoek "beren azken aste, hilabete edo urteak duintasunean igarotzeko eskubidea" dutela: "Bizitza eta heriotza duintasuna ukaezinezko eskubidea dela uste dugu".

Elkartasun mezuak

Elkartasuna helarazi diote familiari Sare plataformak, Etxerat-ek, Sortuk eta Amnistia Mugimenduak. Denek gogorarazi dute badela garaia gaixo dauden presoak aske uzteko, eta ez litzatekeela itxaron behar gaitza sendaezina izan arte.

Sortuk, berriz, salatu du Gomezi ez ezik Juan Mari Maiezkurrena preso hernaniarrari ere "hiltzear zegoenean" soilik utzi ziotela espetxetik irteten. "Juan Mari Maiezkurrenaren kasuan bezalaxe, hain zen larria Oierren gaixotasuna, ezen hiltzen uzteko baino ez baitzuten aske utzi. Eta hori onartezina da. Onartezina da gaixotasun larri eta sendaezina duten preso politikoak hiltzeko baino ez askatzea".

EH Baik "onartezintzat eta gizagabekotzat" jo du Gomez etxetik urrun hil izana, eta gogorarazi du Gomezek bezala gainontzeko euskal presoek ere etxean eta familiarekin egoteko eskubidea dutela. Bestalde, Amnistia Mugimenduak deituta, elkarretaratze bat egin dute Basauriko (Bizkaia) espetxe aurrean, gaixo dauden presoak aske uzteko eskatuz.