Naizen jaio da, transexualitate egoeran dauden haurren gurasoen elkartea

Hego Euskal Herriko ehun familia inguru biltzen ditu duela gutxi arte Chrysallis Euskal Herria zenak. Donostian aurkeztu dute elkartearen izen berria.

Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztu dute Naizen elkartea. /
Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztu dute Naizen elkartea. / Gorka Rubio/Foku

Arantxa Elizegi Egilegor -

2019ko urtarrilak 26

Izena aldatzearekin batera, Espainiako Chrysallis elkartearen adar bat izatetik talde independente izatera igaro da transexualitate egoeran dauen gurasoen elkartea, gaurtik aurrera Naizen izena jasoko duena.

Donostiako Antzoki Zaharrean egin duten ekitaldian izan dira, besteak beste, Eneko Goia alkatea, Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria. 

Elkartea handitzeak berak ekarri du, hein batean, horri izaera berri bat emateko gogoa. Kideek nabarmendu dute aurrerantzean ere erlazioak lantzen jarraituko dutela, baina beste era batean.

Bea Server eledunak gogoratu du 2015ean Chrysallis elkartea sortu zutenean zortzi familia soilik zirela, eta egun ehun inguru dira. "Familiak agertu baino lehenago ere pertsona transexualak euren eskubideen alde borrokan ari ziren, batzuetan, gehiegitan, heriotzara arte".

Urteotan, elkartearen abaroan, trebakuntza eskaini dute transexualitatearen arloan, eta kanpainak ere egin dituzte gaia gizarteratzeko. "Sostengu emozionala" ere izan dira hainbat familiarentzat, eta "aholkulari" jardun dute alorrean aritu behar duten profesionalentzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna