Migratzaileak

Mugitzea libre dela aldarrikatu dute Irunen

Harrera duin baten aldeko manifestazioa egin dute Irunen Harrera Sareak antolatuta, eta Euskal Herri, Harrera Herria lelopean. Urtea hasi zenetik, 315 migratzaile lagundu ditu harrera sareak.

Harrera duin bat eskatu dute Irunen. /
Harrera duin bat eskatu dute Irunen. / Harrera Sarea

Arantxa Iraola -

2019ko urtarrilak 26

Migratzaile askok egiten duten bidea egin du Harrera Sareak antolatutako manifestazioak: Irundik Hendaiara. Era horretan, mugitzea eta migratzea ez direla delitu aldarrikatu dute antolatzaileek. Euskal Herri, Harrera Herri lelopean abiatu da martxa Ficobatik, eta Hendaiako atxikitze zentroko komisariaren aurreraino joan da.

Urtea hasi zenetik 315 migratzaileri eman die laguntza Irungo Harrera Sareak, eta 5.500 laguni azken sei hilabeteetan. Euren gain hartu ditu sareak "instituzioek egiten ez dituzten lanak". Plataformak erakundeei eskatu die harrera duina eskain diezaietela Euskal Herrira heltzen diren etorkinei, baina gaur-gaurkoz kexu dira halakorik egin ez dutelako.

Gipuzkoatik Lapurdira; bideak natural-naturala behar lukeela oroitarazteko keinua izan da Harrera Sareak egin duena. Izan ere, Frantziako Poliziak Irunera itzultzen ditu Bidasoko muga zeharkatzen duten migratzaileak. Horretaz gainera, plataformak ohartarazi du ugaritu egin dela haiekin "trafikatzen" duten pertsonen presentzia. "Migratzea ez da delitua, erresistentzia da", adierazi du Irunen bizi den migratzaile talde batek.

Azken hilabeteetan, Irun, Donostian, Bilbon eta Baionan herritarrak beren kabuz antolatu dira migratzaileen askotariko beharrei erantzuteko. Baina plataforma horietako askok salatu dute ez dutela nahikoa baliabide lehen arreta behar bezala eskaintzeko. Ondorioz, erakunde publikoei eskatu diete euren gain har dezatela ardura hori.