Venezuela

Maduro: "Inork ezin digu ultimatumik eman"

"Harrokeriaz" jokatzea egotzi dio Venezuelako presidenteak Europako Batasunari, eta iragarri du ez duela beteko hark bozetara deitzeko jarritako zortzi eguneko epemuga. Caracasen zituen diplomazialariak atera ditu Washingtonek. 

Nicolas Maduro presidentearen agerraldi bat. PRENSA MIRAFLORES, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko urtarrilaren 27a
08:09
Entzun

Europako Batasunak eta haren baitan dauden hainbat herrialdek Venezuelako Gobernuari emandako ultimatuma ez da izan Nicolas Maduro presidentearen gustokoa. "Harrokeriaz" jokatzea egotzi die Europako agintariei eta gogorarazi die Venezuela ez dagoela Euoparen menpe. "Europako eliteen jarrera ez da herritarren iritziaren isla. Inork ezin digu ultimatumik eman. Norbaitek Venezuelatik joan nahi badu, joan daila". 

Haserre hitz egin du estatuburuak Europako herrialdeek eta zehazki Espainiak hartu duten jarreraren inguruan. "Trumpen atzean" jarri izana leporatu dio Pedro Sanchez presidenteari, hark Erresuma Batua, Alemania eta Frantziako gobernuekin bat eginik bozak egiteko zortzi egineko epemuga jarri izana gaitzetsiz. 

Hauteskundeak deitu ezean, Juan Guaido oposizioko burua presidentetzat aitortuko dutela ere egin diote mehatxu Europako agintariek. Baina Madurok gogorarazi du Guaidoren aldarrikapena Konstituzioaren aurkakoa dela, eta Botere Judizialari dagokiola gertatutakoari buruzko erabaki hartzea. 

AEBen bulegoak hutsik

Madurok berak iragarri du AEBetako administrazioak atera dituela Caracasen zituen diplomazialariak, eta itxita daudela haren bulegoak. Estatuburuak 72 orduko epea jarri zion Washingtoni herrialdean zituen diplomazialari guztiak ateratzeko, eta hark hasieran entzungor egin zien arren, gerora Venezuelatik ateratzeko aholkatu zien bertan dauden estatubatuarrei. 

Aldi berean, etxera bidean dira Venezuelak AEBetan zituen diplomazialariak ere. Caracasek amaitutzat eman ditu Donald Trumpen gobernuarekiko harremanak, hark Guaido "presidente zilegitzat" jo ostean.

Maniobra militarrak

"Inoizko maniobra militarrik "handienak" iragarri ditu estatuburuak otsailaren 10a eta 15a bitartean. Helburua "Venezuelaren indarra erakustea" dela iragarri du. 

Armadak leialtasuna berretsi zion Madurori estatu kolpea izan eta hurrengo egunetan. Orain Madurok "batasuna" eskatu die militarrei: "Herriari, iraultzari eta aberriari leialtasunez jokatuko du armadak"

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.